Anaitasuna mendi bazkunak bi urtero antolatzen duen Zazpi Kurutze mendi martxa izango da aurten, eta oraingo honetan, larunbatez egingo dute egitasmoa; ekainaren 6an, zehazki. Ohiko moduan, Azkoitiko eta inguruko zazpi mendi gailur igaroko dituzte mendizaleek egun horretan, eta han parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena.
Mendizaleek hainbat modutara eman dezakete izena: Internetez zirkuitua.com atarian, Presalde gozotegian eta Lopetegi iturgintzan. 22 euro ordaindu beharko dute horiek, eta azken astean inskribatzen direnek, berriz, 25 euro. Antolatzaileek, guztira, 300 lagunentzako lekua jarri dute mendi martxarako, eta toki guztiak betetzen ez badira, egunean bertan ere eman ahal izango da izena, 05:00etatik aurrera.
Zazpi Kurutzeren egunean, parte hartzaileak 06:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta horiek ordubete lehenagotik jaso beharko dituzte zigilatzeko txartelak plazan bertan. Guztira, 46 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik orduan, honako gailur hauek igoz: Erlo, Aittola, Zargoate, Irukurutzeta, Irimo, Izazpi eta Samiño.
Antolatzaileek gogoratu dute Zazpi Kurutze mendi martxa dela, eta ez lasterketa bat.