Gipuzkoako V. Erroten Eguna barruan, Azkoitiko Aingeru Guardan dagoen Egurbide errota bisitatzeko aukera izango da maiatzaren 17an, igandez; izan ere, bisita gidatua egingo dute hara 11:00etan eta 12:00etan. Errota ezagutu nahi duenak izena eman beharko du Azkoitiko Udalaren Kultura sailean. Izena emateko, kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzita, edo 943-85 71 70 telefono zenbakira deitu beharko da. Erakundeak azaldu du bisita doakoa dela, baina, era berean, bisitan parte hartu ahal izateko plaza "mugatua" dela.
Egurbidetorrea baserriaren eraikin nagusiak eta eranskinak XVII. mende hasierakoak dira, eta horiek osatzen dute Egurbide monumentu multzoa. Era berean, multzo horren parte dira XVIII. mendeko Aingeru Zaintzaile santuaren ermita eta XVI. mendeko Egurbideko errota nahiz burdinola. Hain justu, Eusko Jaurlaritzak 2008ko maiatzean izendatu zuen hura Sailkatutako Kultura Ondasun erako monumentu multzo bezala.