Etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko jardunbidea hasiko du udalak biharko udalbatzarrean

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 28a

Azkoitiko udaletxea, plazatik. (Andoni Elduaien)

Guztira, bederatzi puntuko gai zerrenda izango dute aztergai udalean ordezkaritza duten lau udal taldeek. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaz hausnartuko dute, batik bat. Azkoitia Gukak zuzenean eskainiko du biharko udalbatzarra, 18:00etatik aurrera.

Azkoitiko Udalak bihar, asteazkena, egingo du apirileko ohiko udalbatzarra, udaletxeko bilkura areto nagusian (18:00). Guztira, bederatzi puntuko gai zerrenda aztertuko dute udalean ordezkaritza duten EAJko, EH Bilduko, Azkoitia Bai herri plataformako eta PSE-EEko zinegotziek. Etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko jardunbideari hasiera ematea izango dute horiek hizpide nagusia. 

Bestela, udalari nahiz Elkarguneari lotuta, kredituak aldatzeko zenbait espedienteri hasierako onespena emango diote, horretarako kreditu gehigarriak erabilita. Era berean, 2026-2028 diru laguntzen plan estrategikoaren lehenengo aldaketaren onespenaz eztabaidatuko dute.

Azkoitia Gukak, ohi bezala, udalaren apirileko ohiko udalbatzarra zuzenean eskainiko du, udalaren Youtubeko kanaleko seinaleari esker. Hona hemen biharko udalbatzarraren gai zerrenda:

  1. Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
  2. Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko jardunbideari hasiera ematea.
  3. Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 2 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
  4. Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 3 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
  5. Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuko 1 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
  6. 2026-2028 diru laguntzen plan estrategikoaren lehenengo aldaketaren onespena.
  7. Behin betiko onespenen berri ematea.
  8. Aurrekontuari buruzko informazioa.
  9. Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide