Igone Bastarrika (Azkoitia, 1979) izango da Emun kooperatibaren koordinatzaile orokor berria, Amaia Baldari lekukoa hartuta. Lan mundua euskalduntzen eta berrikuntza sozialean aritzen da Emun kooperatiba, eta koordinazio talde berria duela iragarri du. Azkoitiarrarekin batera, Nerea Arrese, Onintza Irigoien eta Oihana Jausoro arduraduko dira erakundearen kudeaketaz. Lau emakume arduratuko dira Emunen aholkularitza eta lankidetza kudeatzeaz, bezeroei ahalik eta erantzun eta irtenbide hoberenak eskaintzeko.
Emun kooperatibak "gidaritza kolektiboa" izango zuela iragarri zuen orain dela ia bost urte, eta lidergoa modu kolektiboan egiteak, haien egitekoei eta bezeroen beharrei erantzuteko garaian "onurak handiagoak" izan dituztela adierazi du kooperatibak.
Koordinazio talde berria urteetako ezagutza eta esperientziak baliatuta etorkizuneko erronka berriei "ausardiaz eta sendotasunez" aurre egiteko gai izango dela adierazi du Emunek, eta Amaia Baldak hasitako ibilbidea jarraituko duela.
Bastarrika 2002. urtetik ari da Emun kooperatiban lanean; euskara teknikari jardun zuen zortzi urtez, eta ondoren, Euskara planen proiektu arduraduna izan zen kooperatiban, baita enpresen gizarte erantzukizunaren arloko aholkularia ere. Azken bi urteetan kooperatibaren koordinazio taldeko kide izan da, eta orain, koordinatzaile orokorra da.