Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) antolatuta, El joven Karl Marx filmaren zineforum saioa egingo dute etzi, asteazkena, Gaztetxean. 19:30ean hasiko da emanaldia, eta AGAren asmoa da hura amaitzean parte hartzaileen artean hausnarketarako tartea zabaltzea.
Etzi Gaztetxean emango duten filmak Marxen gazte garaiko ibilbidea du kontatzeko. Karl Marx alemaniar filosofoa zen, eta politikaren zein ekonomiaren pentsalaria. Hura ezaguna egin zen sozialismo zientifikoan, komunismo modernoan, marxismoan eta materialismo historikoan zuen ikuspuntuagatik.
Filma 1844. urtean eta Parisen kokatuko dute. Hain justu, Marxek han ezagutu zuen Friedrich Engels, filosofo, politologo, soziologo, antropologo, historiagile, kazetari eta iraultzaile teoriko komunista eta sozialista alemaniarra. Hura Britainia Handiko langile klasearen sorrera ikertzen ari zen, eta berak eman zion Marx gaztearen mundu ikuskerari puzzlea osatzeko falta zitzaion azken pieza. Gerora, elkarrekin gidatu zuten langile mugimendua aro modernoan, zentsuren, errepresio polizialaren, matxinaden eta gatazka politikoen artean.