Anaitasunak 2-0 menderatu zuen zapatuan Zumaiako, Txerloian. Loren Barbadoren taldeak nahi baino urrunago du sailkapenean Real Union liderra, baina gorritxoak ez daude burua makurtzeko, eta itxaropenari eusteko behar-beharrezkoa den garaipena eskuratu zuten zaleen aurrean. Barbadoren taldea, oro har, maila handia ari da erakusten Txerloian, eta joko maila horri eusteko helburuarekin zelairatu zen Zumaiako menderatzera. Bi partida elkarren jarraian galduta, Aste Santuaren aurretik taldeak zituen sentsazioak berreskuratzea zen Anaitasunaren nahia, eta lortu zuen.
Sendo zelairatu zen Anaitasuna Txerloiko berdegunera. Barbadoren taldeak izan zuen une oro jokoaren ekimena, eta kontrara, Zumaiako taldeak ezer gutxi proposatu zuen. Hala eta guztiz ere, Anaitasunari dezente kostatu zitzaion aurkariaren ate ingurura iristea eta aukerak sortzea. Area ertzera hurbildu, hurbiltzen ziren gorritxoak, baina atera jaurtitzea lan nekeza izan zen haientzat. Korner jokaldi batean izan zuen gol abagune argiena Anaitasunak, baina gola 43. minutuan Galder Guembek egin zuen. Atsedenaldiaren aurretik gol garrantzitsua lortu zuen hark bere taldearentzat.
Emaitza horrek hautsi zuen ordura arteko oreka guztia, eta hala, lasaiago ekin zion bigarren zatiari Anaitasunak. Nolanahi ere, berdegunera itzulera sendoa egin zuen Barbadoren taldeak. Jokoaren erritmoa handitzea izan zen gorritxoen xedea eta lortu zuten martxa handiagotzea, nahiz eta zenbait unetan arinkeriaz aritu. Aukera bat baino gehiago egin zituen Anaitasunak bigarren gola egin eta lehiaren amaierara patxadaz heltzeko, baina Zumaiakok eutsi egin zion emaitzari. Are, lehia berdintzeko egundoko abagunea izan zuten bisitariek. Alain Sudupe Anaitasunako atezainagatik ez balitz, bestelakoa zatekeen ziurrenik partidaren amaiera. Sudupek gogoratzeko moduko geldiketa egin zien atepean bisitariei, eta taldeari garaipena bermatu zion.
Lehiaren azken segundoetan, gainera, epaileak Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi zuen, eta Hicham Hazim aurrelariak ez zuen barkatu 11 metrotatik egindako jaurtiketa. Bigarren gola eginda, guztiz lasaitu zen taldea, baita Txerloiko harmailetan bildutako zaleak ere. Hiru puntuak pilatzeaz gain, partida aurretik zehaztutako helburu guztiak bete zituzten gorritxoek.
Datorren zapatuan, 16:30ean, Bergarako (Gipuzkoa) Agorrosin futbol zelaian jokatuko dute Barbadorenek. Denboraldia amaitzeko lau partida baino ez zaizkie falta haiei, eta mailaz igotzeko borrokari eutsi nahi badio, Anaitasunak ezingo du gehiago kale egin. Puntuak hirunaka pilatzea eta Real Union liderraren porrotaren zain egotea beste erremediorik ez dute gorritxoek. Hilabete batean, edozer da posible.
Puntua liderraren etxean
Emakumeen taldeak, bestalde, puntu ona urratu zuen Basauriko Kimuak sailkapeneko liderraren aurka Basauriko (Bizkaia) Artunduaga zelaian jokatutako partidan. Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzaileak zuzendutako taldeak lehia gogorra espero zuen, etxekoek liga irabaztea baitzuten jokoan. Eta azkenean, halaxe izan zen, 4-4 amaitu zen-eta partida.
Partida hasieratik erritmo bizia ezarri zuen Anaitasunak zelaian, eta gainera, oso eroso sentitu zen taldea jokamolde horretan. Baloiarekin oso ondo aritu ziren Oruerenak, eta defentsako lanean, ezin hobeto. Ordea, geldikako jokaldi batean egin zuen Basauriko taldeak bat eta hutsekoaren gola; gorritxoak jakitun ziren Basauriko Kimuak taldeak zer nolako boterea duen geldikako jokaldietan, baina ezin izan zuten ekidin 17. minutuan haiek egindako gola. Nolanahi ere, Anaitasuna ondo zegoen partidan sartuta, liderra baino gehiago zen jokoan, eta berehala jaso zuen merezitako saria. Maria Juaristi aurrelariak 27. minutuan egin zuen banakoaren gola.
Atsedenaldira bitartean Anaitasunak erakutsitako maila ez zen nolanahikoa izan, baina handik bueltan areagotu egin zuen jokoa. 60. minutuan, gainera, June Diazek aurretik jarri zuen bere taldea, taldea kontraerasoan irten eta gero. Liderra urduritasun zantzuak nabaritzen ari zen, eta kontrara, Anaitasuna nahieran zebilen. Batzen jarraitu nahi zuen, eta 70. minutuan, hirugarren gola egin zuen taldeak. Aretha Azkuek area kanpotik egin zuen jaurtiketa saiakera, eta ondo alboratuta, baloiak sareetara bidali zuen.
Gorritxoak liderra mendean hartzen ari ziren, baina ondoren jokatutako minutuak zeharo eroak izan ziren. Aurrena, Basauriko taldeak markagailuko aldea murriztu zuen; 72. minutuan egin zuten etxekoek bi eta hirukoaren gola. Liderrek azken minutuetan Anaitasuna estu hartuko zutela zirudienean, ordea, Juaristik gorritxoen laugarrena egin zuen. Taldeak defentsa lan ona egin, baloia berreskuratu, ukitu gutxian ondo jokatu eta aurkariaren ateraino eraman zuen baloia, garaipena esku-eskura jartzeko balio zuen gola egiteraino.
Anaitasunak partida eta aurkaria kontrolpean zituen, baina azken hamar minutuetan asko okertu ziren gauzak, 80. minutuan hirugarren gola egin zuen-eta etxeko taldeak. Basauriko Kimuak taldeak puntu bat aski zuen liga eskuratzeko, eta horretarako gol bat behar zutenez, gora egin zuten haiek. Eta lortu zuten. Modurik krudelenean, 90. minutuan, egin zuen Basauriko taldeak berdinketaren gola, liga txapelketa eskuratzeko balio izan zien gola.
Merezi adinako saririk gabe, baina lan eta joko bikaina eginda, puntu bat batu zuen Anaitasunak liderraren etxean. Etorkizunera begira, taldeak edonoren aurka eta edonon lehia dezakeenaren isla izan zen zapatukoa. Datorren ostiralean, maiatzak 1, jokatuko du Anaitasunak denboraldiko azken partida, Azkoitian. Zumaiako taldearekin neurtuko ditu indarrak Orueren taldeak, 12:00etan hasita, Txerloian. Jokoan Zumaiako bera sailkapenean gainditzea izango dute gorritxoek.