Helduei zuzendutako bi film eta haurrei zuzendutako film bat egongo dira ikusgai Baztartxon, larunbatetik asteartera. Helduentzako Kraken: El libro negro de las horas filma emango dute larunbatean eta igandean, 19:30ean; eta astelehenean, 20:00etan. Haurrentzako La familia Beneton +2 filma izango da ikusgai igandean, 17:00etan. Era berean, Matadeixe Zinetogram taldeak El sonido de la caída filmaren zineforum saioa eskainiko du asteartean, 20:00etan.
Kraken: El libro negro de las horas filma 2022an Gasteizen kokatzen da. Unai Lopez de Ayala kriminal inspektore eta profilatzaile ohiak, Kraken ezizenez ezaguna denak, familiaren iraganaz dakien guztia aldatuko duen dei anonimo bat jasoko du: astebete du Libro negro de las horas liburu ospetsua aurkitzeko, existitzen diren zazpi bitxi bibliografiko esklusiboetako bat; bestela, bere ama, duela hamarkada batzuetatik hiltzat ematen zuena, hil egingo da. Unai erretirotik itzuliko da, eta Estirekin batera Gasteiz eta Madril arteko erlojupeko lasterketa estuari ekingo dio bere ibilbide profesionaleko profil kriminalik garrantzitsuena marrazteko, bere iragana betiko aldatzeko gai den profila, alegia.
La familia Beneton +2 filmean, berriz, Toni Benetonek uste du dena kontrolpean duela bere familia multikultural maitagarri eta dibertigarrian. Bi haurtxo berriren etorrerak, ordea, hankaz gora jarriko ditu etxea zein familia osoa. Arazoak bikoiztu egingo dira, baina baita abenturak ere.
El sonido de la caída filmean, bestalde, lau neskatok, Alma, Erika, Angelika eta Lenkak, Alemaniako iparraldeko baserri berean igaro dute gaztaroa. Etxeak mende batean zehar eboluzionatu ahala, iraganeko oihartzunek bere hormetan irauten dute. Denborak banatzen dituen arren, haien bizitzak islatzen hasten dira.