Urola Erdiak izan beharreko egitura instituzionalaz hausnartzeko bilera egin dute alkateek

Ihintza Elustondo 2026ko apirilaren 25a

Urola Erdiko udalerrietako ordezkariak, atzo, Zestoan egindako bileran. (Zestoako Udala)

Aizarnazabago, Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Bidania-Goiazko, Errezilgo eta Zestoako udal ordezkariek bilera egin dute Zestoako udaletxean. Eskualdearen etorkizunaz hausnartu dute eta Urola Erdiak izan beharreko egitura instituzionalaz aritu dira. 

Urola Erdiko alkateek batzarra egin zuten atzo, ostiralez, Zestoako udaletxean. Lehenengo batzar horren helburua izan zen eskualdearen etorkizunaren inguruan hausnartzea eta etorkizunean Urola Erdiak izan beharreko egitura instituzionalaz aritzea. Hain zuzen ere, Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea, Marikarmen Arregi Aizarnazabalgo alkatea, Pello Otaegi Beizamako alkatea, Iñaki Errasti Bidania-Goiazko alkatea, Koldo Arzallus Errezilgo alkatea eta Mikel Arregi Zestoako alkatea elkartu ziren. Azpeitiko Nagore Alkorta alkatea ezin izan zen bertaratu, eta haren ordez Joanes Amenabar alkateordeak hartu zuen bileran parte.

Lehenengo batzarrean, herri bakoitzak aurrera begira dituen aukerez aritu ziren, baita herrien arteko orekaz ere. Izan ere, gaur egun Azkoitia eta Azpeitia bakarrik dira osotasunean Iraurgi Berritzen garapen agentziako kide, eta etorkizunean eskualde osoa jasoko lukeen erakundea sortzea litzateke helburua. Gauzak horrela, eskualde ikuspegia ardatz hartuta herritarrei ahalik eta zerbitzurik egokiena emateko, herrien arteko lankidetza ere izan zuten hizpide. Horretarako, eskualdearen egungo egitura instituzionala eguneratzearen edo berritzearen komenigarritasunaz eta eskualdeko erakundeen etorkizuna eta eskumenak antolatzeko premiaz ere aritu ziren.

Aurrera begira, batzarrei jarraipena emateko prestasuna adierazi zuten udal ordezkari guztiek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide