Euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsa egin eta datozen deialdien berri eman du Sarek

Ihintza Elustondo 2026ko apirilaren 25a

Sare Herritarrak atzo Azkoitiko plazan egindako elkarretaratzea. (Sare)

Hileko azken ostiralean, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzea egin du Sarek Azkoitiko plazan. Datozen bi hilabeteetan 27 batzar gauzatuko ditu Euskal Herrian zehar, eta ekainaren 6an agerraldia egingo du Arrasaten. 

Sarek deituta, euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko apirileko azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuten atzo, Azkoitiko plazan. Deitzaileek nabarmendu zuten amaitu dela "gorabeheraz beteriko" urteko laugarren hilabetea. "Beste hilabete batez, horrenbeste urtetan horrenbeste sufrimendu eragin zuen gatazkak utzitako ondorioekin amaitzeko eta konponbideari, bakeari eta elkarbizitzari ateak zabaltzeko unea dela erakutsi nahi dugu".

Etxeratze prozesuan "aurrera" doazela nabarmendu du Sarek, eta hori "bistakoa" dela zifrei begiratuz gero. "EPPK-ko ehun presoren langa gainditzea lortu dugu, eta datozen egun eta asteetan urratsak aurrera egiten jarraitzea espero dugu. Hala ere, ez dago sobran 97ko zifra hori behar bezala ulertzea. 97 horietatik 60 dira egunerokotasunean kalea zapaltzen ari diren presoak; beraz, 37 dira oraindik erregimen itxian jarraitzen dutenak beraien zigorraren azken urteak etxean betetzeko baldintzak betetzen badituzte ere".

Azken egunotan "mediatiko" bilakatu diren Iparragirreren eta Karasatorreren 100.2 artikuluaren aplikazioa ukatzea "arduraz eta kezkaz" hartu du Sarek. "Beste behin, argudiaketa juridikoan baino gehiago mendeku logikan oinarritzen den praktika juridikoa agerian geratu da. Konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan jarraituko dugu, nahiz eta presioa egiten eta mendeku politikak gauzatzen jarduten duten esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoak izan aurrean".

Erbesteari begira ere jarri da Sare, eta "tamalez", iheslari bat gutxiago dagoela esan du. "Tamalez diogu, joan zen astean etxetik urrun 45 urte igaro ondoren Olaztiko iheslari zen Hilario Urbizuk utzi baikintuen Mexikon. Doakiela gure babes eta besarkadarik beroena haren senide eta lagunei".

Batzarrak eta agerraldia

Zifrei erreparatu die Sarek, era berean, egungo egoeraren argazkia osatzeko. "Etxerako bideak daraman norabidea ikusita, zenbait hausnarketa egin ditugu azken hilabeteetan, eta datozen bi hilabeteetan 27 batzar gauzatuko ditugu Euskal Herrian zehar hausnarketa horiek partekatu eta etorkizunari begira jartzeko". Eskualdeetako deialdiei adi egoteko eskatu du dinamikak.

Horrez gain, ekainaren 6an, 11:30ean, Arrasateko (Gipuzkoa) Monterron parkean egingo duten agerraldiaren berri eman du Sarek. "Aspaldian egin dugun agerraldirik garrantzitsuena izango dela aurreikusten dugu, eta orain arteko moduan, zuek guztiokin partekatu nahi dugu garrantzizko agerraldia. Aurrera goaz etorkizuna helmuga, jarrai dezagun konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren logikan lanean", adierazi du dinamikak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide