Datorren zapatuan, maiatzaren 2an, hasiko da Azkoitiko 34. Udaberriko Musikaldia. Aurten, lau kontzertu jarraitzeko aukera izango dute herriko kultur zaleek, Santa Kutz komentuan. Maiatzeko aurreneko lau zapatutan izango dira kontzertuak 18:30ean hasita, eta beste behin, eskaintza zabala izango dute gozagai herritarrek.
Sonia Vazquez Kultura zinegotziak azaldu du "luxua" dela Udaberriko Musikaldiaren zikloa Azkoitian ospatzea. "Beste behin, ahotsak, instrumentuak eta talentua uztartuko dira entzuleen musika izpiritua elikatzeko, eta musikarekiko grina asetzeko", esan du hark.
Lehen hitzorduan, maiatzaren 2koan, Oscar Rodriguez santandertarrak (Espainia) eta Ignacio Arakistain azpeitiarrak osatutako Aire(h)ari bikoteak eskainiko du emanaldia, pianoa eta armonioa uztartuz. Haydn, Franck, Widor, Stravinsky edo Wagnerren konpositoreen obrak interpretatuko ditu bikoteak. Egun, ez da oso ohikoa armonioa oholtza gainean entzutea, baina Oiartzungo Organozaleak Elkarteak berriro protagonismoa eman nahi izan dio.
Hilaren 9an izango da zikloaren barruko bigarren kontzertua, eta orduan, Iberia laukoteak hartuko du lekukoa. Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen omenezko kontzertu omenaldia eskainiko du talde horrek, haren heriotzaren bigarren mendeurrena aitzakia hartuta.
Ainhoa Zubillaga, Juan Laboreria eta Iñaki Salvadorren txanda, bestalde, jaialdiaren hirugarren hitzorduan izango da, maiatzaren 16koan. Hirukoteak Musicales con huella lana taularatuko du Santa Kutzen, eta ikus-entzuleak irrati programa bat ardatz hartuta gonbidatuko dituzte musikalaren generoaren unibertsoan zehar bidaia eklektikoa egitera.
Ibarian Brass metal haize boskoteak itxiko du aurtengo Udaberriko Musikaldia, maiatzaren 23an. Talde hori Musikene Euskadiko Goi Mailako Musika Ikastegian jaio zen, eta horregatik, musikariek ibilbide sendoa eta aitortua dute orkestra arloan nahiz ganbera musikan. "Goi-mailako proposamen artistikoa" eskainiko du taldeak.
Autobusa, komentura
Udalak garraio zerbitzua eskainiko du herrigunetik Santa Kutz komentura joan nahi dutenentzat. Hori hala, autobusa izango da 18:00etan Julio Urkixo etorbidea 7 zenbakiaren alboko autobus geralekutik komentura. Itzulera, berriz, kontzertua amaitu orduko egingo du autobusak Santa Kutzetik herrigunera. Udalak azaldu duenez, joan-etorria autobusean egin nahi duenak ez du aldez aurretik izena eman beharrik izango.