Latzen eta Eraldatzen taldeen kontzertuak izango dira uztailaren 18an, plazan

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 25a

Latzen musika taldeko kideak.

Oñatiko eta Azkoitiko musika taldeek emango dute kontzertua uztaileko hirugarren zapatuan. Latzen taldean Denboraren orbainak azken lana aurkeztuko du, eta Eraldatzen taldeko musikariek taldearen izen bera daraman lehen diskoa.

Latzen eta Eraldatzen musika taldeek eskainiko dute kontzertua, uztailaren 18an, herriko plazan (22:00). Udalak eta Um Blem Ble tabernarien elkarteak uztailerako antolatu ohi duten kontzertu emanaldiaren barruan eskainiko dituzte beren musika doinuak Oñatiko (Gipuzkoa) eta Azkoitiko musika taldeek.

Aitor Uriartek (ahotsa eta gitarra), Joxemari Azpitartek (baxua), Gorka Lazkanok (bateria) eta Yerko Ortizek (gitarra) osatzen dute Latzen taldea, eta kontzertu bira abiatu dute bere lan berria, Denboraren orbainak azken lana aurkezteko abian duten biraren barruan egingo dute geldialdia Azkoitiko plaza nagusian.

Oñatiko taldeak heavy metal taldeak utzitako lekuan berrartu du ibilbide berria. Laukotea berritu eta proposamena biziberritu dute iraganeko ideiekin, egungo baliabideekin eta etorkizuneko ilusioekin. Hain justu, horren emaitza da Denboraren orbainak hirugarren diskoa: zaindua, heldua eta askotarikoa.

Guztira, hamar abesti berri aurkeztu dituzte, 27 urte luzeren ondoren. "Latzen zena eta dena ulertzeko balio dute horiek, bien arteko lotura naturalaren bidez. Izaera bera mantendu dute, baina abiadura mantsotzeko eta bizkortzeko esperientzia gehiagorekin. Horrelakoak dira Denboraren orbainak diskoko abestiak, arrastoa uzteko prest daudenak", adierazi dute.

Etxekoek, haiekin

Latzen taldekoekin batera, Azkoitiko Eraldatzen musika taldekoek ere eskainiko dute kontzertua egun horretan. Iñaki Odriozola (ahotsa) azkoitiarra, Oihan Otaegi (baxua) nahiz Nestor Aguado (gitarra) azpeitiarrak eta Mikel Indo (bateria) daude Eraldatzen musika taldearen atzean. Euskarazko musika zuzena da laukotearena, eta metal musika oinarri, punk zein rock doinuak eskaintzen dituzte. 

Eraldatzen taldeak duela urtebete eskas kaleratu zuen bere lehen lana. Taldearen izena darama diskoak, eta intro edo sarrerako abesti batez gain, bederatzi abesti biltzen dituen disko auto-ekoiztua da haiena. "Indarra, nortasuna eta arima" duten euskarazko letra "zainduak" uztartzen dituzte bere-bereak dituzten punk-hardcore, rock eta metal soinuekin.

Eraldatzen taldea. (Eraldatzen)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide