Maiatzaren 15ean hasiko den emakumeen Euskal Herriko itzuliaren xehetasunak aurkeztu dituzte gaur Zarautzen egin duten ekitaldian. Izan ere, han abiatuko da lasterketa, eta txirrindulariek, guztira, 121,3 kilometro igaro beharko dituzte lehen saio horretan. Tartean, Azkoitiko lurrak zapalduko dituzte. Izan ere, lehen etapa horretan sei mendate zeharkatuko dituzte txirrindulariek, eta horietako bat Azkarate izango da.
Maiatzaren 15ean, Zarauzko malekoian hasiko da Euskal Herriko Itzulia, eta handik Debara joko dute txirrindulariek. Ondoren, Kalbario eta Azkarate mendateak zeharkatuko dituzte, eta Azkoititik Azpeitira joango dira. Urrestillatik igarota, Santa Ageda igoko dute. Etumetatik pasatuta, Aizarnazabal zeharkatuko dute, Zubialdetik, eta Garate igo ondoren, atzera Zarautzen izango dute helmuga.
Guztira, hiru etapa izango ditu Itzuliak: Zarauzkoaren ondotik, Bizkaian jokatuko dute bigarrena biharamunean, Abadiño eta Zornotza artean; eta maiatzaren 17an jokatuko dute hirugarrena eta azkena, Donostialdean.