Oteiza pilota elkarteak txapelketa ugari izan ohi ditu urte guztian zehar, baina hango ordezkarientzat horien guztien artean bereziena ez bada, berezienetako bat da Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) atzo, asteartea, aurkeztu zuen txapelketa Donostian, eta han izan ziren lehian parte hartuko duten elkarteetako zenbait ordezkari, tartean Azkoitiko Oteiza elkartekoak.
Aurtengo edizioan, 24 herrik eman dute izena eskuzko txapelketarako, hamar herrik larruzko paletako zein pala motzeko modalitaterako, eta hemezortzi herrik gomazko paletako txapelketarako. Azkoitiak eskuzko eta gomazko paletako modalitateetan parte hartuko du, eta maiatzeko hirugarren asteburuan hasiko dituzte final zortzirenetako kanporaketak.
Eskuzkoan, koadroaren adarrik gogorrenean arituko dira Oteizakoak. Historiako hamazazpigarren txapelaren bila janzteko, final zortzirenetan hasiko dute txapelketa Azkoitikoek. Zegama-Antzuola kanporaketako irabazlea izango dute arerio maiatzeko hirugarren eta laugarren asteburuetan jokatuko den lehen kanporaketa horretan. Kanporaketaren joanekoa etxetik kanpo jokatu beharko dute Azkoitiko pilotariek, eta itzulerakoa, Gurea frontoian.
Finalera arteko bidean, ordea, Oiartzun iazko txapelduna, Hernani iazko txapeldunordea edo Azpeitia izan ditzake aurkari Azkoitiak, betiere final zortzirenak gaindituz gero. Eskuzko txapelketaren finala ekainaren 28an izango da.

