Biele ISBk Huescan hasiko ditu ligako kanporaketak, zapatuan

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 22a

Biele ISBko jokalariak, zaleak agurtzen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Lobe Huesca La Magia izango dute aurkari final zortzirenetan. Domusa Teknik ISBk, bestalde, kanporaketetara sailkatzea izango du jokoan ligako azken partidan.

Amaitu da denboraldi erregularra Bigarren FEB Mailako saskibaloi taldeentzat, eta lehen zortzi sailkatuak liga kanporaketetan murgilduko dira datozen asteetan, tartean baita Biele ISB ere. Otsoak hirugarrenak izan dira sailkapenean, eta hala, final zortzirenetara sailkatu dira. Lehen kanporaketan, Lobe Huesca La Magia taldearen aurka jokatuko dute; Huescako (Espainia) taldea zazpigarrena izan da. 

ISBkoek Huescakoen aurka joaneko eta itzulerako partidak jokatu beharko dituzte. Iñigo Nuñez entrenatzaileak (Santurtzi, Bizkaia, 1998) zuzendutako taldeak Huescan jokatuko du lehen neurketa zapatuan (20:15), eta maiatzaren 3an itzulerakoa, Azpeitian (18:00). Bi neurketetako emaitzak hartuko dituzte aintzat, final laurdenetara zein talde sailkatuko den ebazteko. 

ISBk aurrera egingo balu, final zortzirenetako zazpi irabazleekin eta ligaren bi multzoetako liderren arteko finalaren galtzailearekin batera –Coto Cordoba edo Amics Castello– sailkatuko litzateke final laurdenetara. Une horretan, sailkapen berri bat eratuko dute zortzi taldeekin, liga erregularrean lortutako garaipenak eta sailkapeneko postua kontuan hartuta. Final laurdenetan ere bi partidak jokatuko lituzkete, eta irabazleak finalerdietara emango luke pausoa. Finalerdietan, berriz, garaile ateratzen diren bi taldeek lortuko dute Lehen FEB Mailara igotzea.

Nuñez entrenatzaileak balorazio positiboa egin du aurtengo sasoiaz. "Oso gustura gaude, liga erregular oso ona egin dugu eta. Lehen itzulia hobeezina izan zen, are hiru jokalarik belauneko lotailu gurutzatua hautsi zutela kontuan hartuta. Lesio horien eraginez, taldea desmuntatu zitzaigun, baina egoera horri aurre egiteko gai izan ginen, eta taldea indartuta atera zen", esan du santurtziarrak.

Urtarrilean bolada txar batean sartu zen Biele ISB, lau porrot segidan jaso zituen eta. Hain justu, Nuñezek esan du bolada txar hark "eragotzi" diola taldeari multzoko lehen postuagatik borroka egitea. "Lau partida horiek azken minutuan galdu genituen. Horietako bat irabazi izan bagenu, egungo egoera oso bestelakoa zatekeen". Azken hilabetea, ostera, "oso ona" izan da entrenatzailearentzat, lau garaipen lortu ditu-eta taldeak jarraian. Gainera, itxaropentsu da datorkien egutegiari aurre egiteko: "Liga irabaztetik zeharo gertu egon gara. Ondo kokatuta gaude kanporaketei aurre egiteko, eta gainera, oso une onean da taldea". 

Behin liga kanporaketetara sailkatuta, Nuñezek argi du taldeak izan behar duen helburua zein den: "Mailaz igotzea da gure asmoa; ezin dugu ezkutatu gure anbiziorik handiena igoera lortzea dela". Nolanahi ere, Biele ISBko entrenatzaileak dio ezin direla ezerekin deskuidatu. "Ezin gara kabalak egiten hasi, ezin gara espekulazioetan sartu. Hori hala, egin dezakegun bakarra da Huescako partida ahalik eta ondoen prestatzea eta talde horretan zentratzea; izan ere, gure onena eman beharko dugu kanporaketa gainditu nahi badugu". Nuñezek dio taldea "ezin hobeto lerrokatuta" dagoela helburu horri begira, eta horren adibide direla jarraian lortu dituzten azken lau garaipenak. "Edonori irabazteko gai garela erakutsi dugu aurten, eta gainera, taldeak orain sinetsi egiten du igoeran".

"Ondo kokatuta gaude kanporaketei aurre egiteko; oso une onean da taldea"

Iñigo Nuñez, Biele ISBko entrenatzailea

Lobe Huesca La Magia taldeak iaz Lehen FEB Mailara igotzeko finala jokatu zuen, eta beraz, tentuz hartu beharko du ISBk aurkaria. "Errespetu handia" dio Nuñezek Huescako taldeari. "Gure moduan, haiek ere ohiz kanpoko urtea izan dute lesioengatik. Denboraldi erdian, gainera, taldeko entrenatzailea aldatu behar izan zuten". 

Arerioa partida guztian zehar kontrolpean izatea funtsezkoa izango dela adierazi du Nuñezek; izan ere, Huescako taldea "moldaerraza" eta "azkarra" da. "Baloi jabetzako lehen segundoetan oso eroso sentitzen den taldea da Huescakoa, azkar eta erritmo biziz jokatu nahi izaten duena. Jaurtitzaile oso onak ditu, eta uztaipeko gizon handiek kantxa zabaltzeko joera dute. Talde oso arriskutsua izan daiteke bere etxean, markagailuko boladek eragina izan ohi dute-eta beren errendimenduan; gai dira neurketako une beroetan min egiteko", adierazi du otsoen entrenatzaileak. 

Neskek, ligako azkena

Domusa Teknik ISBk, bestalde, liga erregularreko azken partida jokatu beharko du zapatuan, 19:00etan, Bartzelonako Virolai kantxan. Otsoek oraindik baieztatu gabe dute beren parte hartzea liga kanporaketetan, baina Bartzelonan garaipena lortzeak zabalduko lieke horretarako bidea Luis Agirre Katxi-ren (Azpeitia, 1990) taldekoei. MCR Lima-Horta Barcelona arerio zuzenaren etxean jokatuko dute haiek, garaipenetan berdinduta dagoen taldearen kantxan, hain justu. 

Garaipena lortu ezean, Alter Enersun Al-Qazeres Extremadura taldearen porrotaren zain egon beharko dute otsoek. ISBko emakumeak kanporaketetara sailkatuko balira, maiatzeko lehen bi asteburuetan partida bana jokatuko lukete talde bakoitzaren etxean, eta onenak egingo luke aurrera. Hain justu, maiatzaren hirugarren asteburuan jokatuko den lauko finalera sailkatuko litzateke kanporaketa horretako irabazlea. Lauko finalean, azkenik, irabazleak lortuko luke mailaz igotzea. 

Garaipena batuta iritsiko dira ligako azken jardunaldira ISBko emakumeak. (Mikel Amenabar 'Otola')

Agirre entrenatzaileak azaldu du urte honen hasieran "pare bat beheraldi" izan zituela taldeak. Ordea, azken asteetan bost partidetatik lau irabazi dituzte otsoek, eta maila onean iritsiko dira Bartzelonako hitzordura. "Bartzelonakoek azkenaldian partidak sentsazio oso onekin irabazi dituzte. Partidak gogorra izango denaren itxura du". 

"Urte ona ari gara egiten, eta ea asteburuan saria lortzen dugun"

Luis Agirre, Domusa Teknik ISBko entrenatzailea

Bartzelonakoek aldaketa ugari jasan dituzte iaztik taldean. Agirrek dioenez, gazte jendea sartu dute taldera, ligan zerbait egiteko "gosea" dutenak. Ordea, Domusa Teknik ISBko entrenatzaileak uste du otsoen gaitasun fisikoa Bartzelonakoena baino handiagoa dela, eta hori "erabakigarria" izan daitekeela beraiei min egiteko. "Alor horretan Bartzelonako taldea baino koska bat gorago dago ISB", dio.  

Azken partida horri begira daude Agirrerenak; ez dute haratago joan nahi otsoek. Hala eta guztiz ere, entrenatzaileak azaldu du "saria" litzatekeela liga kanporaketak jokatzeko sailkatzea. "Denboraldiari ekiteko taldea osatzen dugun unean ISBren helburua izan ohi da ahalik eta azkarren mailari eustea. Hortik aurrerako guztia, ontzat hartzen dugu, ongietorria izan ohi da. Urte ona ari gara egiten, eta ea asteburuan saria lortzen dugun". Zapatu gauean jakingo dute Agirrerenek datozen asteetan zer eginkizun izango duten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide