Datorren urtean 100 beteko dira San Martin auzoko etxe merkeak deituriko etxebizitzak inauguratu zutenetik, eta mendeurrenaren atarian, auzoaren historia zein auzotarren bizipenak jasotzen dituen dokumentala zuzendu dute Javier Beristainek eta Mari Karmen Elorzak. Baztartxo antzokian bitan eman ostean, bihar gauean Gukan ikusi ahal izango da ikus-entzunezko lana. 21:00etan ikusi ahal izango da, Guka telebistan zein Azkoitia Guka eta Guka webguneetan.
XX. mendearen hasieran sortu zen San Martin auzoa, langileentzako etxebizitza premia bati erantzuteko. Rikardo Otaño Azkoitiko alkateak bultzatuta, auzolana izan zen eraikuntzaren oinarri. Dirurik ez zutenek lanarekin ordaindu zuten etxea. Orain, auzoaren inguruko historia bildu eta 80 urtetik gorako hamaika lagun elkarrizketatu dituzte bi lagunek, guztiak ere ume garaian auzoan bizi izandakoak.
Monica Torres bideogileak grabatu ditu irudiak, Joseba Beristain musikariak jarri dio musika lanari, Silvia Etxanizek hainbat bertso egin ditu eta Naia eta Nora Arrizabalaga bertsolariek abestu dituzte horiek, eta hainbat figurante ere ageri dira dokumentalean. Horiek guztiak uztartuta, bi hari nagusi josi dituzte proiektuan: bata historikoa, auzoaren sorrera eta garapena azaltzen duena; bestea, berriz, pertsonala, bertan bizi izan zirenen eguneroko bizitza eta harremanak kontatzen dituena.