Azkoitiko Gaztetxea

"Gaztetxearen proiektua finkoa da, eta aurrera egingo dugu"

Ane Olaizola 2026ko apirilaren 21a

June LarraƱaga eta Aitor Errazkin. (Ane Olaizola)

AGAk Gaztetxe bihurtu du Julio Urkixo kaleko Lidl saltokia egon zen eraikinaren goiko solairua. Okupazioaren aferaz gaindi, herritarrek proiektua ulertu dutela diote gazteek.

Ia hilabete igaro da Azkoitiko Gazte Asanbladak Gaztetxea zabaldu zuenetik Julio Urkixo etorbidean. Etorlur zein Azkoitia Lantzen sozietate publikoen jabegokoa den eraikina okupatzeak soka luzea eragin du, eta egoeraren aurrean, asanbladak dio erakundeekin hitz egiteko prest dagoela; haietako bi kide dira June Larrañaga (Azkoitia, 2003) eta Aitor Errazkin (Azkoitia, 2002).

Askotariko erreakzioak eragin ditu Gaztetxeak: Azkoitia Lantzenek elkarrizketarako bidea hartu du, baina Etorlurrek dio neurriak hartuko dituela.

June Larrañaga: Gure aldetik, ez dago inolako arazorik erakundeekin hitz egiteko. Prest gaude beraiekin bildu eta elkarrizketa bat izateko. Ordea, argi dugu gure helburuarekin aurrera segituko dugula. Eraikin honetan edo besteren batean, Gaztetxearen proiektua finkoa da, eta aurrera egingo dugu.

Jarri al zarete harremanetan?

J.L.: Ez dugu kontakturik izan. Ez zaigu jakinarazpen zuzenik iritsi, eta, beraz, aukerarik ere ez dugu izan harremanetarako. Baina berriz diogu: gure aldetik prestutasun osoa dago hitz egiteko.

Julio Urkixo kalean urteetan hutsik egon den espazio bat hartu duzue. Zergatik eraikin hori?

Aitor Errazkin.: Aukera desberdinak aztertu ditugu. Eraikinaren segurtasuna zein bideragarritasuna kontuan hartu ditugu, baita bizilagunak ere, garrantzitsua iruditzen zaigulako haiek oso gertu ez egotea.

J.L.: Ikusi genuen espazioa egoera onean zegoela eta kokapen ona zuela, ez dagoelako herriaren erdi-erdian; baldintzak egokiak ziren. Horrez gain, urte askoan hutsik zegoen espazio bat zen, inolako erabilerarik ez zuena. Horregatik guztiagatik, ondorioztatu genuen leku egokia zela Gaztetxe bihurtzeko.

Batzuek zalantzan jarri dute leku segurua izan daitekeen edo ez. Zuek zerekin egin duzue topo?

A.E.: Gaztetxera lehenengo aldiz sartu nintzenean, neure harridurarako ikusi nuen lekua oso ondo zegoela; beste leku batzuekin alderatuta, azpiegiturak ongi zeudela.

J.L.: Gazte asanbladak hasieratik oso kontuan hartu du segurtasunaren gaia. Izan ere, leku hori guk zein herriko jende ugarik erabiliko du, eta ziurtatu dugu lekua erabilgarria eta segurua dela. Iruditzen zaigu alderdi politikoak aitzakia bezala erabiltzen ari direla segurtasunaren kontua, gu Gaztetxetik atera nahian edo. Baina ari gara lanean segurtasuna bermatzeko: hormak margotzen, zuloak igeltsuarekin estaltzen, sabaia konpontzen...

Gaztetxeak askotariko iritziak eragin ditu. Zer irakurketa egiten duzue?

J.L.: Gaztetxeak izan duen harrerarekin nahikoa gustura gaude. Irekiera iragarri genuenetik jende asko bertaratu da ekitaldietara zein bileretara; askotariko jendea, gainera. Batzuk etorri zaizkigu eskerrak ematera eta ondo ari garela esatera, eta horrek asko motibatu gaitu.

Era berean, ikusi dugu badaudela beste hainbat herritar, batez ere bizilagunak, egoera kezkaz bizi dutenak. Aste Santuan bilera bat egin genuen bizilagunekin, eta nahiko ondo joan zen. Ostegunean berriz elkartuko gara haiekin, aurrekora joan ezin izan zutenek aukera izan dezaten beren kezkak azaltzeko eta gure helburuez eta proiektuaz informatzeko. 20:00etan elkartuko gara Gaztetxearen aurrean.

Bilera hartan, zer kezka jaso zenituzten?

J.L.: Alde batetik, segurtasunaren gaineko kezka azaleratu zuten, eta azaldu genien hasieratik bermatu nahi izan dugula kontu hori. Horrez gain, zer asmo ditugun ere jakinarazi genien: esaterako, Gaztetxea intsonorizatzeko asmoa dugu. Izan ere, gure nahia da bizilagunekin harreman ona izatea, eta saiatzen gara ekintzen ordutegiak errespetatzen.

Udalak eraikina eraisteko asmoa zuen lehendik, etxebizitzak egiteko. Ildo horretan, zer bide ikusten diozue Gaztetxeari?

A.E.: Asanbaldako kideok ondo ezagutzen dugu herrian etxebizitzarekin dagoen arazoa, eta gu geu gara etxebizitza duin baterako sarrera izan nahi dugun lehenak. Proiektu hori aurrera badoa, prest egongo gara negoziatzeko.

J.L.: Dena den, argi dugu asmo hori epe laburrean behintzat ez dela gauzatuko. Proiektu horrek urte asko daramatza geldirik, eta gauzatu ahal izateko pauso asko egin behar dira: lurra birkalifikatu behar da, inguruko enpresek ere lekuz mugitu beharko dute... Etorkizun hurbilean gerta daitekeenagatik baino, gu espazio horretan gera ez gaitezen esaten dute hori. Beraz, gauden lekuan geratzeko asmoa dugu, eta etorkizunean proiektua benetan gauzatuko dela ikusiz gero, elkarrizketarako prest geundeke.

Gaztetxearen aurreneko hilabeteak zer harrera izan du?

A.E.: Jende asko bertaratu da, eta askotarikoa. Hain zuzen, gustura gaude era askotako jendea etorri delako, eta ikusi dugu jendeak gustura hartu duela Gaztetxea.

Zer eskainiko duzue aurrerantzean?

A.E.: Askotariko ekintzak prestatzeko asmoa dugu: zineforuma, argazkilaritza tailerra, bigarren eskuko azoka... Gaur-gaurkoz, hitzaldiak zein boxeo saioak ere eman ditugu. Bestalde, ez dugu kontzerturik antolatuko espazioa intsonorizatu arte, eta egiten badugu, ordutegia errespetatuta egingo dugu, ez diegulako bizilagunei molestia handirik eragin nahi.

J.L.: Interesa eragiten duten hainbat gai jorratu nahi ditugu, eta Gaztetxeari bizitza ematen jarraitu. Gure asmoa kultur zein aisialdi ekintzak antolatzea da. Irisgarria den aisialdi ereduan sinesten dugu, non inoren egoerak ez duen baldintzatuko eredu horretan parte hartzea. Daukaguna eta ahal duguna eskainiko dugu, mundu guztiak Gaztetxera bertaratzeko aukera izan dezan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide