Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Euskal Hiriak Euskaraz egitasmoaren barruko irteera antolatu du maiatzaren 16rako. Elkarteak iaz jarri zuen egitasmo hori martxan, eta Bilbora egin zuten egunpasa. Aurten, berriz, Iruñera joko dute.
09:00etan abiatuko dira Azkoititik Iruñera autobusez, Julio Urkixo etorbidea 7 zenbakiko autobus geralekutik. Iruñera iritsitakoan, hiriburuaren historia hobeto ezagutzeko bisita gidatu bat egingo dute hango kaleetan barrena, Labrit Fundazioaren eskutik. Ondoren, Laba kulturguneak duen tabernan bazkaria egiteko aukera izango da. Bazkalostean, 17:30ean itzuliko dira Iruñetik Azkoitira.
Irteeran parte hartu nahi dutenentzako izen emate epea zabalik du Maxixatzenek. Egunpasara joateko izena apirilaren 30a baino lehen eman behar da, honako lotura honetan dagoen galdetegia beteta. Era berean, maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora idatzita edo 675 85 71 11 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena. Maxixatzeneko bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte autobuseko bidaia eta bisita gidatua, eta bazkide ez direnek, 15 euro.