Puntu bakarra, bi taldeen artean

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 20a

Anaitasunako jokalariak korner jokaldi bat defendatzen. (Anaitasuna)

Emakumeen taldeak 1-1 berdindu zuen zapatuan, Txerloian, Peña Athletic Santurtzi taldearen aurka. Gizonen taldeak, bestalde, 2-0 galdu zuen ostegunean Beasaingo (Gipuzkoa) Loinaz futbol zelaian; urrunago dute orain haiek sailkapeneko lehen postua.

Anaitasunak 1-1 berdindu zuen herenegun, zapatua, Peña Athletic Santurtzi taldearen aurka Txerloian. Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzaileak zuzendutako emakumeen taldeak baja askorekin egin behar izan zion aurre zapatuko hitzorduari, eta hala kadete mailako Maren Ibarbiak, Maialen Oiarzabalek eta Jare Zendoiak kadeteek lehen taldearekin jokatu zuten. Zendoiarentzat, gainera, debuteko partida izan zen zapatukoa. 

Maila ez galtzeko borrokan bete-betean sartuta dagoen taldea da Peña Athletic Santurtzi, eta haien puntu beharrak zaildu egin zion lehia Anaitasunari. Zelai erdiko jokoa nagusitu zen, batik bat, Txerloian, eta hori hala, hango harmailetan batutako zaleek ez zituzten aukera asko ikusi. Deseroso aritu zen taldea, baina aurkariaren abaguneak oztopatzen txukun aritu zen taldea. Hala, hutsean iritsi zen partida atsedenaldira. 

Bigarren zatiak ere lehenaren antza handia izan zuen, baina 63. minutuan Santurtzikoek (Bizkaia) lortu zuten aurrea hartzea. Korner jokaldi baten ondoren egin zuen Peña Athletic Santurtzi taldeak huts eta batekoaren gola. Nolanahi ere, Anaitasunak laster erreakzionatu zuen; hurrengo jokaldian Ane Zulaikak lortu zuen lehia berdintzea, area barruan egindako jaurtiketa bati esker. 

Banako emaitzarekin, Anaitasuna gehiago izan zen zelaian, eta izan zituen hiru puntuak batzeko beste aukera. Ordea, ate aurrean ez zuten baloia sareetara bidaltzerik lortu, eta azkenean, puntu bakar batekin konformatu behar izan zuten Oruerenek. 

Sailkapeneko seigarren postuan jarraitzen du Anaitasunak, 44 punturekin. Datorren asteburuan, Basauriko Kimuak liderrari egingo diote bisita gorritxoek. Zapatuko 18:00etan jokatuko dute partida Basauriko (Bizkaia) Artunduaga 2 zelaian. Liga txapelketa datorren asteburuan agurtuko du Anaitasunak, Zumaiakoren aurka etxean jokatuta. 

Urrunago, gizonentzat

Loren Barbadok zuzentzen duen gizonen taldeak, bestalde, 2-0 galdu zuen joan den ostegunean Beasaingo (Gipuzkoa) Loinaz futbol zelaian, Beasain B taldearen aurka. Porrot hori tarteko, eta Real Union liderrak hiru puntuak batu zituela jakitun, gorritxoek urrunago dute orain igoera lortzea. Zehazki, bost puntura dute orain sailkapeneko lehen postua Barbadorenek. 

Lehen zatian, partidaren kontrola izaten saiatu ziren gorritxoak, baloia oinetan hartuta. Ordea, etxeko taldeak presio lan ona egin zuen, eta gauzak konplikatu egin zitzaizkien. Hori hala, azkarrago eta bertikalago jokatu nahi izan zuen Anaitasunak, eta ez zuen asmatu. Pazientzia gehiago izatea eta baloiaren bidez aurkaria kontrolatzea falta izan zuten Azkoitikoek. Gainera, 20. minutuan hartu zuten aurrea Beasaingoek, eta horrek min egin zien. Aukera gutxi sortu zituzten bi taldeek, baina etxekoek izan zuten horretan ez zuten hutsik egin. 

Bigarren zatira hobeto zelairatu zen Anaitasuna, Beasainek metro batzuk atzera egin zuela ikusita. Gorritxoek erritmo biziagoarekin jokatu zuten partida, eta arriskua sortzen ari zelako, gola gertu sumatu zuten Barbadorenek. Gainera, Anaitasunak penaltia ere izan zuen alde, lehia berdindu ahal izateko, baina Ander Pastrianek huts egin zuen.

Banakoa izan behar zuena, ordea, bi eta hutsekoa bihurtu zen gutxira. Beasaingoek korner jokaldi batean areara erdiratu zuten baloia. Aldaratze baten ostean zeharo korapilatu zen jokaldia Anaitasunarentzat, eta azkenean, sareetara bidali zuten baloia etxekoek. Hogei minutu eskas falta zirela lortu zuten haiek bi eta hutsekoa egitea. Gol hori lortu ondoren, Anaitasunak izan zituen abagune apartak markagailuko aldea murrizteko, tartean zutoinera botatako baloi bat. Ordea, baloiak ez zuen atera sartu nahi izan eta esku hutsik itzuli behar izan zuten gorritxoek Azkoitira. 

59 puntu ditu egun Anaitasunak, eta 64 puntu ditu Irungo (Gipuzkoa) Real Union liderrak. Datorren asteburuan, Barbadorenek Zumaiako taldea jasoko dute Txerloian; zapatuan, hilak 25, 17:00etan jokatuko dute Barbadorenek Zumaiakokoen aurka. Denboraldia amaitzeko bost jardunaldi baino ez zaizkie gelditzen gorritxoei: Zumaiako (Txerloian), Bergara (etxetik kanpo), Deusto (Txerloian), Euskalduna Andoaindarra (etxetik kanpo) eta Mondragon (Txerloian) izango ditu arerio Anaitasunak datozen asteetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide