Barriketako Iturria zaharberritzeko lanak hasiko dituzte gaur

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 20a

Barriketako Iturria, eliz atarian. (Andoni Elduaien)

Lau aste beharko dituzte eliz atarian kokatuta dagoen iturri historikoa zaharberritzeko. Udalak azaldu duenez, 18.000 euroko aurrekontua izango dute lanek. Iturriaren kontserbazioa bermatzeko zaharberritze lanak gaur hasiko dituzte.

Barriketako Iturriaren kontserbazioa bermatzeko zaharberritze lanak hasiko ditu udalak gaur, astelehena. Iturriaren harria eta junturak garbituko dituzte, degradatutako morteroak kendu, algentzat eta goroldioarentzat tratamendu biologikoa aplikatu, eta iturria edo hodia konpondu. Udalak azaldu duenez, zaharberritze lanak "jarraibide zehatzetan" oinarrituko dituzte. "Esku hartzea minimoa izango da eta patina historikoa errespetatuko da", adierazi dute. Obrek hilabete eskas iraungo dute, eta 18.000 eurokoa da aurrekontua. 

Jesusen Bihotz Agurgarria plazan kokatuta dago egun iturria, eta monumentu multzoa osatzen du Etxebeltz jauregiarekin eta parrokiarekin batera. Neoklasiko estiloko "erdi-exentua" da iturria, kareharri grisez landua, 1831ko datarekin. Gainera, bi upel ditu iturriak, eta horietatik ura aska angeluzuzen batera isurtzen du. Multzoa zutabe-danbor baten gainean dagoen pitxer neoklasiko handi batek errematatzen du.

Mariano Jose Laskurain akademikoaren lana da Barriketako Iturria, eta askorentzat, herriko sinbolo nagusia. Arkitektura hidraulikokoaren eredu berezia da, eta gerora erabilitako dekorazio soluzioak aurreratu zituen. Juan Bautista Mendizabal Ondare eta Turismo zinegotziak artikulu batean jasota duenez, "Laskurainek aurkeztutako planoa onartu ondoren, obra lehenbailehen egitea erabaki zuten, iturria premiazkoa zelako. Obra almoneta publikoan atera zen 1831ko martxoaren 20an, eta Jose Arriola jaunak, Elgoibarkoa bera, 9.900 errealetan errematatu zuen".

Barriketako iturria ez da beti eliz atarian kokatuta egon. Mendizabalen artikuluak zera dio bere kokapenari buruz: "Gaur egun Urola ibaiaren ertzean dago, Trino de Uria jaunaren arabera, antzinako errondaren hasiera izan zen lekuan. Garai batean, Idiakaiz 6 plazatxoan egon zen, harategietako plazatxoan –bertako saltokiei erreferentzia eginez–, eta egun, Plazaberri izenez ezagutzen dugun eremuan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide