Beren egoera arautu nahi duten Azkoitiko migratzaileek udalean eska dezakete kalteberatasun txostena

Ane Olaizola 2026ko apirilaren 17a

Inor ez dela ilegala dioen murala, Zumaian. (Zumaia Guka)

Espainiako Gobernuak migratzaileen erregularizazioa onartu ostean, Azkoitiko Udala arduratuko da Azkoitian bizi diren migratzaileei kalteberatasun txostena emateaz, hala badagokie. Horretarako, hitzordua hartu behar da Gizarte Zerbitzuetan. 

Espainiako Gobernuak migratzaileen erregularizazioa onartu du aste honetan, eta Azkoitiko Udalak jakinarazi du erakunde hori arduratuko dela Azkoitian bizi diren migratzaileei kalteberatasun txostena emateaz, hala badagokie. Izan ere, txosten hori ez da derrigorrezkoa eskatzaile guztientzat: asilorik eskatu ez dutenek, Euskal Herrian edo Espainiako Estatuan lan egin dutela frogatu ezin dutenek edo zuzeneko familiarik ez dutenek soilik eska dezakete kalteberatasun txostena. Horretarako, aldez aurre hitzordua eskatu behar da udaleko Gizarte Zerbitzuetan, 943-85 71 74 telefono zenbakira deituta. 

2025eko abenduaren 31tik Hego Euskal Herrian edo Espainiako Estatuan bizitzea, gutxienez bost hilabetez bertan bizi izana eta aurrekari penalik ez izatea dira migratzaileek beren egoera arautu ahal izateko bete behar dituzten baldintzak, eta horretarako gutxienez ondorengo hiru kasu hauetako bat egiaztatu beharko dute: besteren edo norberaren kontura legezko kontratuarekin lan egin izana; familia-unitatea adin txikiko seme-alabek, desgaitasuna duten adinekoek edo lehen mailako aurrekoek osatua izatea; edo egoera ahulean daudela egiaztatzea.

Erregularizazio eskaera egiteko, berriz, herritarrek atzerritartasun bulegoetara, Gizarte Segurantzaren edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintzaren bulegoetara edo Correosen hiriburuetako bulegoetara joan behar dutela argitu du udala. Modu telematikoan ere egin dezakete eskaera, ziurtagiri elektronikoa izanez gero.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide