Joan den hileko azken igandean amaitu zen Korrika, euskararen aldeko hamar eguneko aldarrikapena. Egitasmoak utzi dituen "sentsazio indartsuei" helduta, ordea, AEK-k aurrera begirako hainbat konpromiso hartu ditu aurten. Euskararen pizkunderako zer eskaini ahal duen erakutsi nahi dio Euskal Herri osoari euskaltegi sareak, eta Korrikaren 12. eguna izeneko egitasmoa abian jarrita, hasiberrientzako ordubeteko doako euskara eskola eskainiko du. Azkoitian, AEK-k Kultur Etxean duen egoitzan eskainiko dute eskola, 15:30etik 16:30era.
Egitasmo berri hori baliatu nahi du AEK-k hamar eguneko egitasmotik harago "euskararekiko konpromisoari jarraipena" emateko. "Martxoaren 28ra bitartean sortutako indarra urte osora zabaltzea da helburu nagusietako bat, eta gero eta herritar gehiago euskararen mundura erakartzea. Besteak beste, jendarteko hainbat esparrutan aurrerapausoak egingo ditugu euskararen normalizazioan. Eta gainerako eragileak ere hala egitera gonbidatu nahi ditugu", azaldu dute.
Ordubeteko saio horretan parte hartu nahi dutenek honako lotura honetan eman beharko dute izena; besteak beste, izen-abizenak, NA zenbakia, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa zehaztu beharko dira galdetegi horretan. Egitasmoari buruz informazio gehiago nahi duenak, berriz, 607 61 26 97 telefono zenbakira deitu edo urola@korrika.eus helbide elektronikora idatzi beharko du.