Realari hauspoa herriko balkoietatik

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 17a

Realak Espainiako Errege Kopako finala jokatuko du Atletico Madril taldearen aurka bihar Sevillan, eta herriko realzale ugarik egingo dute bidaia hara. Ordea, Azkoitian ere suma daiteke finaleko giroa, askok zintzilikatu baitituzte kolore txuri-urdineko banderak, zapiak, bufandak eta kamisetak beren etxeko balkoietan. Finala herriko plazan ikusi ahal izango da, pantaila erraldoia jarriko dute eta. Ana Azkoitia alkatea Sevillan izango da, Gipuzkoako beste hainbat alkaterekin batera.

Azkoitia kolore txuri-urdinez janzten ari da Realak bihar Sevillako (Espainia) La Cartuja zelaian Atletico Madrilen aurka jokatuko duen Espainiako Kopako finalaren atarian. Azken orduetan azkoitiar ugarik jo du Sevillara, eta beste batzuek gaur egingo dute hara arteko bidaia. Ordea, hara joan ezin dutenek finala etxean bertan girotzea erabaki dute.

Herritar zenbaitek beren etxeetako balkoiak Realeko banderekin, zapiekin, kamisetekin eta puxikekin atondu dituzte, herriko jarraitzaile realzaleak hitzordu horretarako gogotsu direla erakutsiz. Herriko kale eta auzo denetan ikus daitezke zuri eta urdin koloreak hartu dituzten bebarruak, baita hainbat saltokitako erakusleihoak ere.

Finala 21:00etan hasiko da, eta norgehiagoka ETB1ek emango du zuzenean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, gainera, 11 udalerritan fanzoneak edo zaleentzako guneak jarriko dituzte, tartean bat Azkoitian. Hitzordurako girotzeko, Sugarri txarangako musikariak herriko kaleetan ibiliko dira kalejiran 18:45etik aurrera, eta 21:00etarako prest izango da herriko plazan 6x3 metroko pantaila erraldoia.

Alkatea, Sevillara

2021eko apirilaren 3an, Realak Athleticen aurka irabazi zuen final hartan ez bezala, oraingoan zaleek bertatik bertara ikusi ahal izango dute beren taldean zita historikoa. Partida estadio barruan ikusteko sarrera izan ala ez, eskualdetik hara joandako txuri-urdin ugari bilduko da Cartuja zelaiaren bueltan, eta horien guztien artean izango dira Urola Kostako zenbait alkate, tartean herriko Ana Azkoitia. 

Realak Gipuzkoako 88 alkateei egin die Sevillara joateko gonbidapena, eta horietako batzuek baiezkoa eman diote klub txuri-urdinari; beste batzuek, aldiz, ezezkoa. 2021eko Espainiako Kopako finalean, Realak Gipuzkoako udalerri guztietako banderak jarri zituen klubeko kideek Sevillan atseden hartu zuten hotelaren sarreran, Gipuzkoa osoa han ordezkatuta egon zedin. Orain, berriz, herri eta hirietako agintari gorenak gonbidatu ditu klub txuri-urdinak, eta han izango da Azkoitiko alkatea. Erakundeetako ordezkari horiek gaur 17:00etan egingo dute bidaia Sevillara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide