Organoak Plazara egitasmoko emanaldia eskainiko du Mikel Ansola organistak zapatuan, parrokian

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 23a

Mikel Ansola organista. (organofuentealamo.es)

Cesar Francken eta Louis Vierneren obrak eskainiko ditu Markina-Xemeingo (Bizkaia) organista gazteak. 20:00etan hasiko da haren emanaldia, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian.

Mikel Ansola Musikeneko organista tituludunak emanaldia eskainiko du etzi, zapatua, Azkoitiko Andre Maria Jasokundeko parrokian. Organoak Plazara 2026 egitasmoaren barruko emanaldia eskainiko du Markina-Xemeingo (Bizkaia) organistak Azkoitiko Cavaille-Coll organoan, eta Cesar Francken eta Louis Vierneren obrak aurkeztuko ditu, 20:00etan hasita.

2000. urtean jaio zen Ansola, eta bere jaioterrian zein Ondarroan (Bizkaia) hasi zituen musika ikasketak hark, baina Martin Alberdiren eskutik organo munduan barneratu zen. Ondoren, Bergarako (Gipuzkoa) musika eskolan egin zituen organo ikasketak, Aitor Olea eta Josean Pascual irakasleekin, eta geroago, Loreto Fernandezekin, Donostian. Ordea, Musikenen egin zituen goi mailako organo ikasketak, baita Organo Masterra ere.

Han eta hemen eskaini izan ditu Ansolak kontzertuak, bai bakarlari gisa, bai abesbatzekin batera, hala nola Donostiako Musika Hamabostaldian, Leongo (Espainia) Katedraleko Organo Zikloan, Diego Amezua Bizkaiko Hotsak Organo Jaialdian eta Stuttgarteko Internationale Bach Akademie jaialdian. Hain justu, Alemaniako hiriburu horretako Petruskircheen erakundearen organista titularra izan da markinarra. Aurten, berriz, Markina-Xemeingo Musika Haizeak musika zikloaren koordinatzaile ardura hartu du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide