Etzi, astelehena, odol ateraldiak egingo dituzte, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Apirileko hitzordua izango da astelehenekoa, eta arratsaldez egingo dituzte ateraldiak; 16:30etik 20:30era arituko dira erizainak herritarren odola biltzen.
Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak hasita daude herritarrei astelehenerako hitzorduak ematen. Odola ematen hasi nahi dutenek edo odol ateraldien funtzionamendua zein den hobeto ezagutu nahi dutenek, berriz, 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu beharko dute. Osakidetzak odola emateko eskatu die herritarrei, zenbait odol motaren erreserbak maila baxuan baitaude.
Martxoaren 30ean egin zituzten martxoko bigarren odol ateraldiak, eta orduan, 84 odol poltsa bildu zituzten elkartekoek. Asteleheneko hitzorduaren ondoren, hurrengo odol ateraldiak maiatzaren 11n egingo dituzte. Egun horretan ere arratsaldez egingo dituzte ateraldiak, 16:30etik 20:30era, alegia.