Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak 30 urte beteko ditu aurten, eta urteurren biribil hori ospatzeko, ospakizun ekitaldia eta bazkaria antolatu ditu hilaren 25erako, zapatua. Eguerdian, Kontzejupean egingo dute hiru hamarkadatako ibilbidea oroitzeko balioko duen ekitaldia, eta segidan, kantu bazkaria egingo dute Joseba jatetxean.
Hogeita hamar urtez Maxixatzen, eta aurrera! lelo hartuta ospatuko dute urteurrena hil honen azken larunbatean. Egun horretan, 12:00etan hasiko dute ekitaldia Kontzejupean, eta bertan parte hartuko dute musikariek, dantzariek eta bertsolariek. Era berean, herriko hainbat lagunen hitzartzeak ere izango dira. Ondoren, Joseba jatetxera lekualdatuko dute festa, han kantu bazkaria egingo baitute Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña musikariekin.
Hain justu, Maxixatzenek zabaldik du kantu bazkari horretarako epea; elkarteak bazkide eta herritar oro gonbidatu nahi du hitzordu horretara. Izena emateko epea datorren zapatura arte, hilak 18, egongo da zabalik. Izena emateko, maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora idatzi edo 675 85 71 11 telefono zenbakira deitu beharko da.