Emakumeen Harri Handien Txapelketa jokatuko dute datorren zapatuan, hilak 18, Azkoitiko Gurea pilotalekuan (18:00). Guztira, lau harri-jasotzaile arituko dira nor baino nor gehiago: Olaia Esnaola, Estefania Etxebeste, Eider Garcia Durana eta Udane Ostolaza.
Lau lagun horiek askotariko lanak egin beharko dituzte zapatuko hitzorduan: bakoitzak 112,5 kiloko errektangularra, 100 kiloko zilindroa, 87,5 kiloko kubikoa eta 75 kiloko bola altxatu beharko ditu, eta horretarako, hiru minutu izango ditu harri bakoitzarekin. Hala, kilo gehien pilatzen dituen lehiakideak jantziko du txapela.
Dena den, izar berrien erakustaldia ere izango da herriko frontoian zapatuan. Lau harri jasotzailek eskainiko dute ikuskizuna: 8 urte dituen Udane Perurena iturendarra (Nafarroa), 12 urte dituen Izadi Agirre abadiñarra (Bizkaia), eta hamalauna urte dituzten Irati Osinalde azpeitiarra nahiz Goiatz Galarraga oriotarra. Etorkizuneko harri jasotzaile horien ikuskizunarekin hasiko da zapatuko herri kirol ikuskizuna. 50 eta 35 kilo arteko harriekin hainbat altxaldi emango dizkiote haiek.
Txapelketa Chantonék antolatu du eta Azkoitiko Udalak babestu. Lehia bertatik bertara jarraitu nahi dutenek 10 euro ordaindu beharko dute sarrera. Hain justu, 17:00etan zabalduko dute Gurea frontoiko leihatila.