Indarkeria matxistagatik ezarritako urruntze agindua urratu zuen gizon batengandik ihesi zihoala, 37 urteko emakume bat hil zen atzo Iruñean eraikin bateko hirugarren solairutik erori ostean. Heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Azkoitiko plazan Itaiak deituta. Bertan, Iruñekoa urteko laugarren hilketa matxista dela salatu dute Itaiako kideek. Gainera, 2026ko datuak "oso beltzak" direla nabarmendu du antolakundeak: salatu du azken hamar egunetan bi hilketa matxista izan direla Euskal Herrian eta beste emakume bat hiltzen saiatu direla. Emakumeen antolakunde sozialistak adierazi du Euskal Herrikoak ez ezik, Espainiako Estatuko datuak "beldurgarriak" direla: "Urtea hasi zenetik lau egunetik behin emakume bat hil dute".
2026an Euskal Herrian indarkeria matxistaz lau emakume hil dituzten arren, matxismoa ukatzen duten diskurtsoak zabaltzen ari direla salatu dute Itaiako kideek gaurko elkarretaratzean: "Datuak beldurgarriak dira, eta bien bitartean emakumeok exajeratu batzuk garela entzun behar izaten dugu, matxismoa ez dela existitzen eta emakumeon aurkako indarkeria kasu isolatuak besterik ez direla dioten diskurtsoak jasan behar izaten ditugu. Errealitateak agerian uzten du, ordea, matxismoak bere horretan jarraitzen duela".
Egoera "larria" dela eta, "matxismoaren aurkako borrokara" batzera deitu du Itaiak, gero eta jende gehiago indarkeria matxistaren aurka posizionatzea "beharrezkoa" ikusten baitu antolakundeak. Horrenbestez, indarkeria matxista ororen kontra jarraituko dutela berretsi dute gaurko elkarretaratzean, horretarako "eraso guztiei aurre egiten eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzen". Era berean, "matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei" aurre egitearen garrantzia nabarmendu dute: "Indarkeria matxistaren kontra posizionamendu irmoa hartzeko momentua da, emakumeon aurkako jarrerek ez dezaten lekurik izan ez gure kaleetan, ez etxeetan, ez sare sozialetan, ez inon". Itaiarentzat "beharrezkoa" da matxismoaren aurkako kontzientziazio lana eta borroka indartzea "matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eratzeko", eta horretara deitu ditu herritarrak.
(Argazkiak: Itaia)