Oinezkoen eta autoen arteko elkarbizitzari buruzko hitzaldia izango da bihar

Aroa Zamora 2026ko apirilaren 13a

Kaleak pertsonentzat ala autoentzat? Elkarbizitza orekatuago baten bila hitzaldia izango da bihar Elkargunean, Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpaina barruan antolatua. Urola Erdiko herritarrek mugikortasunari, energiari eta lurralde-antolamenduari buruz hausnartzeko asmoarekin hiru saio eskainiko dituzte Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. 

Kaleak pertsonentzat ala autoentzat? Elkarbizitza orekatuago baten bila hitzaldia eskainiko dute bihar Azkoitiko Elkargunean, 18:30ean hasita. Herriko kaleetan autoek duten nagusitasunari buruz arituko dira solasean mahai inguruan, eta oinezkoen eta autoen arteko elkarbizitza-eredu orekatu bat posible al den aztertuko dute.

Iazko urte amaieran Urola Erdiko sei udalek –Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Zestoa eta Aizarnazabal–, Iraurgi Berritzenek eta Lapatx zabortegiko zerbitzu berriak kudeatzen dituen Laienek Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpaina jarri zuten martxan. Urola Erdiko herritarrek energia ereduaz eta subiranotasunaz zein mugikortasunaz hausnartzeko hitzaldi zikloa antolatu dute kanpaina horren barruan.

Datozen asteetan zehar egingo dira solasaldi saioak, hilaren 14tik 28ra bitartean, hain zuzen. Hitzaldi bana eskainiko dute Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan, Azkoitikoa lehena izanik. Hala ere, Urola Erdiko herri guztietako biztanleak gonbidatu dituzte hitzaldietan parte hartzera. Herritar guztiei zuzenduta dagoela azpimarratu dute antolatzaileek; izan ere, Beizama, Aizarnazabal eta Errezil gisako herri txikietako errealitatea eta ekarpena ere kontuan hartu nahi dituzte eskualde osoari begirako ikuspegia lantzeko. 

Azkoitian egingo duten mahai inguruan parte hartuko duten hizlariak Ander Gortazar, EHUko Hirigintza irakaslea eta RAZ bulegoaren sortzailea; Ibon Rosales, Lasarte-Oriako udal arkitektoa eta udal mugikortasun politiketan eskarmentua duen profesionala; eta Diego Gomez, geografoa eta INTRAko kidea, mugikortasun-azterketetan aditua izango dira. Andoni Elduaien Gukako kazetaria arduratuko da moderatzaile lanak egiteaz.

Ikuspegi desberdinak ezagutzeko eta iritziak partekatzeko guneak izango dira hiltzadiak, eta, era berean, ondoren herriz herri egingo diren lan saio parte hartzaileen abiapuntu izango dira. Saioetan herritarrek aukera izango dute eskualdeko eta herrietako egoera aztertzeko, proposamenak lantzeko eta lehentasunak adosteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide