Anaitasunak kale egin du Zarautzen

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 13a

Jone Sudupe, baloia erdiratzen. (Anaitasuna)

Oruerenek 3-0 galdu zuten atzo arratsaldean Zarauzko Asti zelaian. Bigarren zatian jaso zituzten gorritxoek hiru golak. 

Anaitasunak 3-0 galdu zuen atzo, igandea, Zarautzen, hango Asti futbol zelaian. Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzaileak zuzendutako emakumeen taldeak ezin izan zuen jaitsiera postuengatik borrokan ari den taldearen etxean punturik pilatu. Bigarren zatian egin zituen Zarautzek lehiako hiru golak. 

Nolanahi ere, lehen zatian hasieratik argi eta garbi utzi zituen bere asmoak Zarauzko taldeak. Etxekoek gogotik egin zuten bultza Anaitasuna bere zelaian sartzeko, eta alboko sakeen nahiz korner jokaldien bidez saiatu ziren gorritxoei min egiten. Anaitasuna, ordea, txukun aritu zen defentsako lanean. Erasoko lerroan, baina, gutxi eraiki zuten Oruerenek; abagune urri batzuk baino ez zituzten sortu. 

Bigarren zatia oker hasi zen gorritxoentzat. Geldikako jokaldi batean lortu zuten Zarauzkoek bat eta hutsekoaren gola egitea 49. minutuan; area ertzeko falta batean egin zuten arratsaldeko lehen gola etxekoek. Anaitasuna saiatu zen ondorengo minutuetan etxekoen gol hura orekatzen, baina gauzak ez zitzaizkien nahi bezala irten; ez zen jarrera kontua izan, taldeak gogo eta nahi bereziarekin egin baitzuen lan partida guztian zehar. Ordea, Zarautzek neurketako azken hamar minutuetan biribildu zuen lehia bere aldera. 82. minutuan egin zuten haiek bi eta hutsekoa, eta handik bi minutu eskasera hiru eta hutsekoa.

Anaitasunak sailkapeneko seigarren postuan jarraitzen du 43 punturekin. Datorren zapatuan, 16:30ean, Peña Athletic Santurtzi taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Oruerenek. Gizonek, bestalde, osteguneko 21:00etan jokatuko dute Beasaingo (Gipuzkoa) Loinaz futbol zelaian, Beasain B taldearen aurka.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide