Gutuna

Poliziak goiz pasa, españolismoa eta EAJ

Odei Irigoien 2026ko apirilaren 11

Espainiako Poliziak hilaren 25ean plazan jarri zuen unitate mugikorra. (Andoni Elduaien)

Odei Irigoienek idatzitako gutuna da honako hau.

Josu Jon Imaz EAJren lehendakari ohiak bere burua Donald Trumpen morroi izendatu zuen moduan, hark 100 lagun erail eta Maduro bahitu zuenean (thank you, mister president...), EAJk españolismoari men egiten dio lotsagorritzeke. Azkoitian ere bai, eta arrazoi larririk bada baieztapen hau sostengatzeko. Luzatzeke, azken aldiko kontu pare bat:

Jakin dut udal gobernuak, EAJren eskutik, aldebakartasunez erabaki duela Espainiako Polizia Nazionala hilabetero goiz pasa herriko plazara gonbidatzea. Atzo goizera arte euskal herritarrak bahitzen eta torturatzen aritu den indar errepresiboaren presentzia normalizatzera besterik ez dator hau. "Zerbitzuak" herritarrei ekar diezaiekeen onura-edo aintzatestera sartu gabe, ezin al dituzte udaletxeko bulego batean sartu, esaterako, normalagoa litzatekeen moduan? Benetan, herriko plaza eskaini behar al zaie, haien presentzia normala balitz bezala?

Herriko EAJren beste okurrentzia bat da Espainiako futboleko gizonezkoen Errege Koparen finala ikusteko pantaila erraldoia jartzea herriko plazan. Hau da, diktadura faxistak inposatu zuen monarkia eta Espainiako ereserkia ikusi eta entzungo dira Azkoitiko plazan, Madrilen edo Burgosen bageunde bezala (barka diezadatela gaztelar ez-espainolistek, baina konparazioa merkea da), Espainian bageunde bezala. Normaltasunez hau ere. Eta "euskal" jokalari multimilionarioak ikusiko ditugu, irabazten badute, espainolen printzearen eskutik dominak eta zorionak jasotzen. Printzea diot, benetako erregea deserrira bidali baitzuten, ustelkeriak eta beste zirela medio, baina hau beste kontu bat da.

Euskal herritarrei eta Euskal Herriari traizio eta mespretxu egitea ez da berria, 1937an Santoñan hasita, esaterako, eta gaur egungo ETBren ildo politikoraino (ez Euzkadiko ez Euskal Herriko hiriburu ez den Bilbaozentrismoa, eguraldiaren mapa, euskaldunak erdaraz jartzea sistematikoki, ETB3ko haurrentzako euskarazko edukiak kentzeko asmoa, euskaraz ez dakiten zuzendaritzako kideak, Conquistador saioaren existentzia bera...). Wikipedia oso bat idazteko eman lezake, baina hemen lagako dut.

Ulertzen dut futbolarena ETB1eko igandeetako meza santua bezain sakratua dela, baina nazionalek plaza okupatzea konponduko dutela espero dut. Ea euskal indar politikoen artean asmatzen duten hemendik alde egiteko bidea zein den erakusten hauei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide