Haurren danborrada, eguraldiak baldintzatuta

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 10a

Euria eta eguraldi oso kaskarra iragarrita daude zapatu arratsalderako, eta Umore Ona eta Tata elkarteek bihar 15:00etan hartuko dute azken erabakia: plazatik zuzenean Gurea frontoira joatea eta festa han egitea ala kalez kale ibiltzea, laburrago bada ere.

Bihar, Pazko Asteko zapatuarekin, ospatuko dute aurten ere Azkoitian haurren danborrada. Baina azken urteetan behin baino gehiagotan gertatu bezala, zerura so ibiliko dira antolatzaileak azken ordura arte. Izan ere, euria eta eguraldi oso kaskarra iragarrita daude zapatu arratsalderako, eta Umore Ona eta Tata elkarteek bihar 15:00etan hartuko dute azken erabakia.

Danborrada 17:00etan hasiko da plazan, hori segurua da, baina hortik aurrera, bi aukera aurreikusi dituzte Umore Onako eta Tatako kideek, udalaren laguntzarekin danborrada antolatzen duten elkarteek: euria gogotik ari bada, plazatik zuzenean joango dira haurrak Gurea pilotalekura; bestela, frontoian elkartu eta han errepertorio osoa jo aurretik kale buelta egingo dute, laburrago bada ere. "Ahaleginduko gara kalez kale ohiko ibilbidea egiten, nahiz eta geldialdirik ez egin. Kasu horretan, taldeak herriko plazatik Balda plazara joango dira; handik, Ibaiondo kaletik barrena, eliza atarira; eta eliza paretik, Gurea frontoira. Pilotalekuan pieza guztiak joko dituzte. Merienda ere bertan eskainiko zaie. Edonola ere, erabakia bihar 15:00etan hartuko dugu", azaldu du Tata elkarteko Joxan Mendizabalek.

Aurreko urteetan baino haur gutxiago elkartuko dira aurten Pazko zapatuko danborradan; 200 inguru izango dira azkenean, bost konpainietako danbor zein txapa jotzaileak eta sukaldari txikiak batuta. Aurten 50 urte beteko dituen Sahatsa dantza taldeari aitortza egingo diote aurtengo danborradan. Sahatsari eskainita egongo da desfilea itxiko duen karroza (LH 1eko ikasleak joango dira bertan); eta, berrikuntza gisa, bi dantzari irudikatzen dituzten Oñatiko (Gipuzkoa) erraldoiak Azkoitian izango dira bihar, eguraldiak laguntzen badu behintzat, danborradaren desfilea irekitzeko.

Bihar euria egin ala ez, bihar danborrak, txapak eta banderak astinduko dituzten haurrak eta gaztetxoak prest daude festarako, atzo arratsean etxekoen eta lagunen babesarekin Gurean azken entsegua eginda. Han ateratakoak dira bildumako argazkiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide