Etxean galdu eta kanpoan irabazi

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 5a

Domusa Teknik ISBren eta Celtaren arteko partida atzo Azkoitiko kiroldegian. (Unai Murillo)

Challenge ligako Domusa Teknik ISBk galdu egin zuen atzo Celtaren kontra Azkoitiko kiroldegian. Bigarren Mailako Biele ISBk, aldiz, garaipena lortu du gaur Caja 87 taldearen aurka, Sevillan. Bi ligak azkenetara iristen ari dira; emakumeen taldeari hiru neurketa gelditzen zaizkiei denboraldia bukatzeko, eta gizonei bi jardunaldi, biak etxean. 

Atzo eta gaur, etxean eta kanpoan, jokatu dute ISBren bi talde nagusiek, biek bestelako emaitzak izan dituzte: Challenge ligako Domusa Teknik ISBk ezin izan zuen atzo Celta mendean hartu Azkoitiko kiroldegian. Gaur, ordea, Bigarren Mailako Biele ISBk irabazi egin dio Caja 87 taldeari, Sevillan.

Domusa Teknik ISBren eta Celtaren arteko partida gorabeheratsua izan zen atzo Azkoitiko kiroldegian. Lehen laurdenean pattal hasi ziren Iraurgiko emakumeak, eta abantaila atera zieten aurkariek (9-25). Bigarren laurdenetik aurrera, ordea, hobeto jokatzen hasi eta aldea murrizten joan ziren ISBkoak; bigarren laurdena puntu bat gehiagorekin bukatu zuten (16-15). Hirugarren laurdenean ere Celtakoek baino puntu gehiago lortu zituzten Iraurgikoek (19-16). Partida bukatzeko lau minuturen faltan zazpi puntu gutxiagorekin zeuden, baina ezin zuten partidaren hasieran galdutakoa berreskuratu. Laugarren laurdenean 13-13 eginda, Domusa Teknik ISBkoek partida 57-69 galdu zuten.

Challenge ligako denboraldia bukatzeko hiru jardunaldi besterik ez zaizkio falta Domusa Teknik ISBri. La Laguna, Paterna eta Lima Horta Barcelona taldeen aurka jokatuko du datozen hiru asteburuetan. Sailkapeneko zortzigarren postuan dago Iraurgiko emakumeen talde nagusia.

Hemendik aurrerakoak etxean

Bigarren Mailako Biele ISBk garaipena lortu du gaur Sevillan, Caja 87 taldearen kontra. Bi puntuko aldearekin bakarrik, baina garaipenarekin itzuliko dira etxera, 79-81 eginda. Atsedenera zortzi puntuko aldearekin iritsi dira ISBkoak, 36-44; aurreneko bi laurdenetan (20-22 eta 16-22) egindako lanari esker. Aldageletatik bueltan, baina, Caja 87koak aurretik jartzen hasi dira puntu gehiago lortuz (19-17 eta 24-20), baina ez dute erdietsi ISBkoak mendean hartzea.


Biele ISBkoak gaur Caja 87 taldeari irabazi ondoren, Sevillan. (Iraurgi SB)

Kanpoan denboraldiko azken neurketa jokatu dute gaur Biele ISBkoek; izan ere, bi neurketa gelditzen zaizkie bukatzeko eta biak etxean jokatuko dituzte. Datorren asteburuan Jaen taldearen kontra jokatuko dute, eta hurrengoan Valladolid izango dute aurkaria. Biele ISB sailkapeneko laugarren postuan dago, Jaen hamabigarrenean eta Valladolid hirugarrenean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide