Basauriko "hilketa matxista" salatzeko elkarretaratzera deitu du bihar Itaiak

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 3a

Itaiak deituta Sarrigurengo hilketa matxista salatzeko otsailean Azkoitian egindako elkarretaratzea. (Mailo Oiarzabal)

Indarkeria matxistari aurre egin! lelo hartuta deitu dute mobilizazioa bihar, larunbata, 13:00etan, plazan. Azkoitiko Udalak ere "irmoki" gaitzetsi du Basaurin gertatutako ustezko hilketa matxista, eta antolatzen diren gaitzespen ekimenetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Asteazkenean emakume bat hilda aurkitu zuten Basaurin (Bizkaia), eta poliziak emakumearen bikotekidea atxilotu du gaur Bilbon, indarkeriazko hilketa egotzi diote. Biktimak 44 urte zituen, eta atxilotutako gizonak 45 urte ditu. Urola Erdiko Itaiak Basauriko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzera deitu du bihar, larunbata, Indarkeria matxistari aurre egin! lelo hartuta. Azkoitiko plazan 13:00etan egingo dute elkarretaratzea.

Itaiak "babesa eta elkartasuna" adierazi die Basaurin hildako emakumearen ingurukoei, eta indarkeria matxistarekin bukatzeko borroka eta antolakuntza indartu beharra aldarrikatu ditu, "aski da!".

Udalaren gaitzespena

Azkoitiko Udalak "irmoki gaitzetsi" du Basaurin gertatutako "ustezko hilketa matxista", eta "babesa eta elkartasuna" adierazi dizkio biktimaren familiari eta hurbilekoei. Udalak adierazi du bat egiten duela antolatzen diren gaitzespen ekimenekin, eta herritarrak parte hartzera deitu ditu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide