Azkoitiko Gaztetxea

Gazte Asanbladakoek Gaztetxerako materiala bilduko dute bihar plazan

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 3a

Azkoitiko Gaztetxean egindako batzar bat. (AGA)

Gaurko, biharko eta etzirako ere ekitaldiak antolatu ditu Azkoitiko Gazte Asanbladak Gaztetxe ireki berrian. Gainera, bihar larunbata Gaztetxerako materiala bilduko dute herriko plazan.

Gaztetxea ireki zutenetik ia egunero antolatu ditu ekintzak Azkoitiko Gazte Asanbladak, eta gaur, bihar eta etzi ere askotariko ekitaldiak egingo dituzte. Esaterako, bihar zapatua Gaztetxerako materiala bilduko dute herriko plazan, 11:30etik aurrera. "Baliagarria izan daitekeen dena" gustura jasoko dutela adierazi dute, baina jaso nahi duten materialaren zerrenda bat ere egin dute: "Sofak, aulkiak, pertxak, mantak, altzariak, entxufe luzagarriak, bonbillak, lapurrak, piladun argiak, garbitzeko produktuak, erremintak, tornilloak, pintura, arrabolak, isipuak, lijak, egur oholak, eskuadrak edota bisagrak".

Gaztetxean gaurko eta biharko egun osoko egitarauak dituzte antolatuta, Gaur, 17:00etan hasita, ping-pong txapelketa jokatuko dute, eta 19:30ean, mojitoak izango dituzte, eta 21:00etan karaokearekin borobilduko dute eguna. Bihar, zapatua, eguerdian Gaztetxerako materiala bilduko dute herriko plazan, eta arratsaldean Gaztetxean jarraituko dute ekintzekin: 17:00etan, euskal dantza tailerra egingo dute, eta 20:00etan, Itxaso Alberdik eta Nora Unanuek kontzertu akustikoa eskainiko dute.

Igandean, berriz, 18:00etatik aurrera, Istorio beltzak edo asmakizunak izango dituzte Gaztetxean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide