Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera bultzatzen ditu herritarrak

Aroa Zamora 2026ko apirilaren 2a

Beste urte batez errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainaren alde egin du Azkoitiko Udalak, iaz %37k egin zuten euskararen aldeko hautua.

Gerturatzen ari da 2025eko errenta eta ondare aitorpena egiteko unea, eta Azkoitiko Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera animatzen ditu herritarrak, administrazioarekin dituzten harremanetan euskara indartzeko helburuarekin. 

Aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopuruak azken urteetan gora egin duen arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik. Iaz, Azkoitian, %37k hautatu zuen euskara errenta egiterako orduan; aurkeztutako 6.575 errente aitorpenetatik 2.453 egin ziren euskaraz. 

Hirugarren urtez jarraian sustatu du Udalak errenta aitorpena euskaraz egiteko UEMAren kanpaina, “errenta aitorpena euskaraz” lelopean, urtez urte gero eta gehiago izan daitezen euskararen hautua egiten dutenak. Izan ere, bi urte hauetan, %35etik %37ra igo da aitorpena euskaraz egiteko joera Azkoitian. 

Errenta aitorpena egiteko hiru bide daude: autolikidazio proposamena, aurrez aurrekoa eta Internet bidezkoa, hiru bideek ematen dute aitorpena euskaraz egiteko aukera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide