Joan den astean Azkoitiko Gazte Asanbladak, Etorlur eta Azkoitia Lantzen sozietate publikoen jabegokoa den, Julio Urkixo kaleko Lidl supermerkatua egon zen eraikinaren goiko solairua hartu zuen, Gaztetxea bihurtzeko asmoz. Ekintza horrek erreakzio soka luzea ekarri du. Gaur, Etorlur Gipuzkoako Lurra SAk "titulartasun publikoko eraikin bat legez kanpo okupatu" izana salatu du. "Eraikin horrek merkataritza jarduera bat hartu zuen bere garaian, eta gaur egun garapen eremu baten barruan kokatzen da. Izan ere, une honetan, hirigintza-izapideetan dago, eta industria hondamen espediente bat du abian. Bertan, etxebizitza libre eta babestuak eraikitzea aurreikusten da", adierazi du Etorlurrek ohar bidez.
AGAk eraikina hartu duela eta, Etorlurren Administrazio Kontseilua bildu da, eta ekintza gaitzesteaz gainera, neurriak hartzea erabaki du. "Batzar horretan ordezkatuta egon dira alderdi politiko denak, eta kontseiluak eraikinaren legez kanpoko okupazioa salatzea eta legezkotasuna berrezartzeko beharrezko neurriak hartzea erabaki du", adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiari lotutako sozietate publikoak. EAJk, PSE-EEk eta PPk aldeko botoa eman dute, EH Bildu koalizioak kontrako botoa eman du, eta Podemos alderdia abstenitu egin da.
Etorlurrek esan du "herritar guztiena den ondasun publiko bat legez kontra erabiltzea" dakarrela AGAren ekintzak. "Aldarrikapenek, edozein eratakoak izanda ere, ezin dute justifikatu espazio publikoen legez kanpoko okupazioa, ezta guztionak diren baliabideen erabilera pribatiboa ere. Demokratikoki ezarritako arauak eta bizikidetza errespetatzea ezinbestekoa da gizarte kohesionatua bermatzeko", nabarmendu du. Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorlurrekin eta inplikatutako erakundeekin koordinatuta, "beharrezkoak diren lege neurriak" hartuko ditu, "eraikina uzteko eta interes publikoa gailentzen dela bermatzeko".