Buruz Buruko Txapelketa aurkeztu zuten atzo Bilboko Bizkaia frontoian egin zuten ekitaldian, eta han jakinarazi duten datorren asteburuan hasiko den lehian izango diren pilotarien zerrenda. Aurrez, jakinekoa zen txapelketaren final laurdenetako ligaxkako partidak Azkoitian jokatuko dituztela hilaren 10an, baita protagonistetako bat Iñaki Artola iazko txapeldunordea izango zela ere; orain, hark Gureako kantxan izango duen arerioa jakinarazi dute: Iker Larrazabal; Baikokoak biak.
Lehen mailako txapelketaren partida ez ezik, bigarren mailako txapelketen beste bat ere jokatuko dute Azkoitiko jardunaldian. Bigarren mailako A taldeko irabazleen artekoa izango da norgehiagoka hori.
Hilaren 10ean, 20:45ean hasiko dira partidak, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Entradas Fronton webgunean. Kantxako sarrerek 35 euro balio dute, eta goiko harmailakoek eta errebotekoek, 25 euro. Dena den, egunean bertan Gureako leihatilan ere salduko dituzte sarrerak, baldin eta aurrez agortzen ez badira.