Maxixatzenek Geure Gelatik azokaren balorazio positiboa egin du

Ane Olaizola 2026ko apirilaren 1a

Edurne Lazkano eta Gema Lopez itzultzaileen solasaldia, Aitor Arrutik gidatuta. (Aitziber Arzallus)

Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen hitzetan, azokako aurkezpenetara zein liburuen salmentara gerturatu diren herritarren joan-etorria "handia" izan da, eta eskerrak eman dizkie hara gerturatu diren guztiei zein beren alea jarri dutenei. Bestalde, Aste Santutik bueltan zabalduko du '2 minutu' lehiaketako deialdi berria. 

Igaro berri den Geure Gelatik emakume idazleen euskarazko liburu azokaren balorazio positiboa egin du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, egitasmoaren antolatzaileak. Bosgarren aldia izan du aurten liburu azokak, eta joan den ostegunetik larunbatera, hiru egunez askotariko liburu aurkezpenak eskaini zein liburuak saltzeko postuak jarri dituzte Elkargunean. Elkartearen arabera, aurkezpenetara zein liburuen salmentara gerturatu diren herritarren joan-etorria "handia" izan da. 

Maxixatzenek azaldu du liburuen salmenta "ondo" joan dela, eta aurreko urteetan bezainbeste edo gehiago saldu dutela. Era berean, elkarteak eskuragarri jarritako bonuak ostiral arratsaldean agortu zirela eta, hori ere "oso positibo" baloratu du elkarteak. 

Aurkezpenei dagokienez, saio guztiek ez dute herritarren erantzun bera izan, baina guztietan hogei lagunetik gora elkartu direla jakinarazi dute, eta 50 lagun elkartzeraino ere iritsi direla gaineratu dute. "Beraz, ezin gara kexatu. Aurtengoa bosgarren edizioa izan da eta iruditzen zaigu dagoeneko herritar askoren agendetan galdu ezin duten egitasmoa dela".

Hori hala, elkarteak eskerrak eman dizkie azokan parte hartu duten guztiei, arrazoituz, beraiek gabe ezingo zukeela egitasmo hori aurrera eraman, eta jasotako "harrera onak" lanean jarraitzeko "indarra" ematen diolako. Era berean, gogoan izan dituzte azokan parte hartu duten hizlariak, herriko Lujan eta Amaitz liburu dendak eta Elkarguneko langileak, haien lanik gabe ere "ezinezkoa" litzatekeelako halako azoka bat gauzatzea. 

Lehiaketaren deialdia, laster

Azken urteetan liburu azoka ixten duen 2 minutu lehiaketaren datorren edizioa prestatzen dabilela ere adierazi du Maxixatzenek. Aste Santuko oporraldiaren ondoren argitaratuko ditu datorren lehiaketako oinarriak, eta orduan irekiko dute lanak aurkezteko epea ere. Idaztea gustuko duten emakume guztiak animatu ditu parte hartzera. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide