Nortasun Agiria edo pasaportea atera edo berritu behar duenak apirilaren 13an izango du herrian bertan egiteko aukera berriz. Aurrenekoz, pasa den asteazkenean izan zen zerbitzu hori eskaintzen duen Espainiako Poliziaren unitate mugikorra Azkoitian, eta orduan bezala, herritarrek aurrez hartu beharko dute datorrenerako hitzordua udalaren Herritarren Arreta Bulegoan; horretarako, udaletxera joan edo 943-08 00 80 telefono zenbakira deitu daiteke.
Guztira, 48 hitzordu eskainiko dituzte egun horretan, eta aurrez leku guztiak agortzen ez badira behintzat, apirilaren 10a izango da horretarako azken eguna. Dokumentu bakoitzarentzat hitzordu bat behar da: hau da, norbaitek NA eta pasaportea, biak, behar baditu, bi hitzordu hartu beharko ditu.
Apirilaren 13an, Poliziaren Unitate mugikorra herriko plazan kokatuko da, 09:00etatik 14:00etara artean. Aurrez aurreko zerbitzua izango da, eta herritarrek tasak ordaindu beharko dituzte trukean: 12 euro NAren kasuan, eta 30 euro pasaportea egiteko.
Aurreko aldian, udalak adierazi zuen zerbitzua hilero eskaintzea dela bere asmoa. Erakundearen arabera, unitate mugikorrak finkoen baliabide tekniko eta material berberak ditu, eta dokumentazio finkoko unitaterik hurbil ez dagoen herrietako biztanleei arreta ematea da helburua, joan-etorriek eragiten dituzten "kalteak" saihestuz.