Zabalik dago V. Hike eizan! bertsopaper lehiaketan parte hartzeko epea. Hitanoa suspertzeko helburuarekin, Hike eizan! taldeak eta Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatu dute beste urtez batez lehiketa. Parte hartu nahi dutenek maiatzaren 15era arte izango dute bertso-sortak aurkezteko aukera.
Hiru kategoriatan banatuko da herritarren parte hartzea: umeen kategoria –14 urtera bitartekoak–; gazteen kategoria –15 eta 18 urte bitartekoak–; eta helduen kategoria –19 urte edo gehiago dituztenak–. Adinaren arabera, aurkeztu beharreko lanak ere desberdinak izango dira. Umeek gutxienez bi bertso eta lau kopla aurkeztu beharko dituzte, gazteek, sei bertso, eta helduek, zortzi bertso.
Gaia, neurria eta doinua aukera librekoak izango dira partaideentzat, eta bete beharreko baldintza bakarra bertso sorta guztiak hitanoan idaztea izango da. Gainera, noka erabiltzea positiboki baloratuko da. Lanak aurkezteko bi aukera izango dituzte parte hartzaileek: aurrez aurre udaletxean edo telematikoki udalaren webgunean, Lehiaketak azpiatalean. Lehiaketari buruzko oinarriak ere erakundearen webgunean kontsulta daitezke.
Sariak ere maila bakoitzaren araberakoak izango dira. Umeen mailan, irabazleak 125 euroko diru saria jasoko du, eta gazteen mailan 250 euro jasoko ditu bertso sorta onenaren egileak. Helduen mailan bi sari emango dira, lehenengo irabazleak 500 euro irabaziko ditu, eta bigarren saridunak, 250 euro. Horrez gain, Azkoitia Sariak banatuko dituzte hiru kategorietan. 75 euro jasoko ditu umeen kategoriako sari horren irabazleak, 150 euro gazteen mailakoak eta 300 euro helduen mailakoak.
Ekainaren 1ean jakinaraziko du udalak zeintzuk diren bertsopaper lehiaketako irabazleak, eta sari banaketa ekitaldia ekainaren 25ean, ostegunez, egingo dute, VI. Hike eizan! bertso saioaren barruan. Epaimahaiari dagokionez, Hike eizan! lantaldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bina kidek osatuko dute.
Partaideek zalantzak izanez gero, euskara@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-54 20 02 telefono zenbakira deitu dezakete.