Azkoitiko Gaztetxea

Azkoitiko Gaztetxea aurrera

Urola Erdiko GKS 2026ko martxoaren 30a

Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistak Azkoitiko Gaztetxearen gaineko honako irakurketa hau plazaratu du. 

Hainbat urtetako prozesuaren ondoren eta instituzioen utzikeriaren gainetik, Gaztetxe berria dugu Azkoitian. Gazte langileon antolakuntza politikoa sustatzea da espazio berri honen helburuetako bat, eta horixe izan da, hain zuzen, espazioa lortzeko bidea. Izan ere, Gaztetxeak ekimen sozial nahiz kulturalak burutzeko espazioak izateaz gain, espazio politikoak dira batez ere: gazteon artean nagusi den despolitizazioari aurre egin eta elkartzeko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazioak. Horretara dator Azkoitiko Gaztetxea.

Krisi garaiotan, faxismoa zabaltzen ari da, eta inperialismoa bere aurpegirik gordinena erakusten ari zaigu, Palestinan, Iranen, Kuban edota Venezuelan argi ikusi dugun moduan. Mendebaldeko oligarkiak gerrara garamatza euren interes ekonomikoak defendatzeko, eta, bitartean, langile klasea pobretzen eta bizi baldintzak etengabe kaskartzen ari dira. Hori guztia, autoritarismoaren gorakadarekin lotu behar dugu, zeinak antolakuntza politikoa saihestea helburu duen.

Azkoitian ere ez gaude joera horietatik salbu, eta ondorioak pairatzen ari gara: lantegien itxierak eta lan erregulazio espedienteak edota oinarrizko produktuen eta etxebizitzaren prezioen gorakada, besteak beste. Hala, Azkoitiko Gazte Asanbladak azken urteetan mahaigaineratu duen problematikak gaur inoiz baino garrantzia handiagoa hartzen du. Hots, espazio baten beharra gazte langileon antolakuntza politikorako eta ekimen sozial nahiz kulturaletarako. Aitzi-tik, instituzioetatik trabak besterik ez dituzte jarri bide horretan; herrian politika independentea egiteko baldintzak deuseztatu dituzte eskubide politikoen urraketa etengabearen bidez, horren adibide izanik propaganda politikoa kentzea, ekimenen ordutegia mugatzea edota nola ez, biltzeko espazioa ukatzea.

Gauzak horrela, guk ere gure ekarpena egin nahi izan dugu proiektu honetan. Jendartean joera erreakzionarioak zabaltzen ari dira, eta gure kaleetan ere geroz eta gehiago entzuten ditugu diskurtso klasista, matxista nahiz arrazistak. Horren aurrean, Langile Kontrolpeko Espazioek gaur egun bere-biziko funtzioa dute, bai zapalkuntzen eta injustizien aurkako antolakuntza politikorako, bai eta gazteon sozializaziorako ere, eta beharrezkoa da horiek bultzatzea eta defendatzea. Gaztetxe batek gazte langileon baldintza politiko eta sozialak hobetzeko ekarpena egiten du, eta horren erakusle da AGAk urte guzti hauetan eta, bereziki, azken egunotan egin duen lan guztia.

Amaitzeko, Gaztetxearen auziaren inguruan instituzioetatik egin diren adierazpen eta mehatxuek testuinguru arriskutsu bat irekitzen dutela ohartarazi nahi dugu. Izan ere, azken hilabeteotan hainbat dira Azkoitian bezala ireki berri diren espazioak, bai eta horien aurka burutu diren desalojoak ere. Horietako askotan gazteak jipoituak izan dira, eta batzuetan
larriki zaurituak. Guk, kriminalizazioaren eta errepresioaren gainetik, gure alea jartzen jarraituko dugu Azkoitiko gazte langileontzat hain garrantzitsua den proiektu honen defentsan.

Batu Gaztetxearen aldeko borrokara!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide