Azken asteetako joerarekin hautsi du Anaitasunak ligako azken jardunaldietan. Izan ere, orain arte etxean nabarmendu dira emakumeen zein gizonen talde nagusiak, baina asteburuan garaipenak ihes egin die biei ala biei Txerloian jokatu duten norgehiagoka banatan: Ohorezko Erregional Mailako taldeak denboraldiko lehen porrota jaso du etxean, Tolosaren aurka 1-2 galduta, eta Emakumeen Euskal Ligako taldeak ere galdu egin du Erandioko Betiko Neskaken kontra: 0-1.
Sailkapeneko bosgarren postuan den Tolosa taldea hartu zuen Anaitasuna larunbatean Txerloian. Etxekoek eraman zuten neurketaren pisu handiena, eta hainbat jokaldi arriskutsu ere egin zituzten golak sartzeko. Gorritxoak partida lantzen ari zirela, baina, neurketa luzea eta gogorra egitea zen aurkarien asmoa, eta helburua bete zuten, finean, tolosarrek.
Lehen zatiaren azken unean, kornerretik hasitako jokaldi baten bidez lehen gola jaso zuen Anaitasunak, eta beraz, markagailua 0-1 zela hasi zuten bigarrena taldeek. Partida lantzen segituta etxekoen gola ere iristeko zenaren esperantzan zelairatu zen Anaitasuna bigarren zati horretan, baina Tolosari garaipena emango zion bigarren gola iritsi zen orduan; izan ere, area kanpotik jaurtitako baloiak ihes egin zion Anaitasunari, eta horrenbestez, markagailua 0-2 jarri zuten arerioek.
Egoera zailean zen etxeko taldea, baina lortu zuten markagailuan Tolosari gerturatzea, Marcusen asistentziaren eta Julen Larramendiren golari esker, hain zuzen. Azken minutuak oso borrokatuak izan ziren, eta Anaitasunak lortu zuen hainbatetan aurkariaren areara sartzea, baina azkenean, ezin izan zuen berdinketa lortu. Emaitza 1-2 izanda, Anaitasunak sasoi honetan etxean jasotako aurreneko porrota izan zen larunbatekoa.
Sailkapenari dagokionez, bigarren postuan jarraitzen du Anaitasunak, liderra den Real Union B taldearen bi puntutara besterik ez. Izan ere, talde horrek berdindu egin zuen asteburuan Zumaiaren aurka, eta beraz, Real Union B eta Anaitasunaren arteko tarteak txikia jarraitzen du izaten. Hori hala, Anaitasunako gizonen lehen taldea berriz Espainiako Hirugarren Mailakoa izateko aukerei muzin egin gabe jarraitzen dute gorritxoek, denboraldia amaitzeko sei jardunaldiren faltan. Hurrengo jardunaldia apirilaren 18-19ko asteburuan jokatuko dute Ohorezko Erregionalek, eta Anaitasunak sailkapeneko 12. postuan den Beasainen aurka neurtuko ditu indarrak.
Errematea falta
Bestalde, Erandioko taldea mendean hartzeko eta sailkapenean koska bat gora egiteko aukera zuten gorritxoek ligako azken jardunaldi horretan, eta bi taldeen norgehiagoka borrokatua izan bazen ere, Azkoitiko taldeak ezin izan zituen hiru puntuak poltsikoratu. Partidaren hasiera borrokatua eta parekatua izan zen, baina minutuak aurrera joan ahala, Anaitasuna jokoan nabarmentzen hasi zen. Baloia hegal batetik bestela eramanda, gorritxoek hainbat aukera izan zituzten; ordea, area barruko errematea falta izan zitzaien markagailuan aurretik jartzeko.
Atsedenaldira markagailua husna zela joan ziren taldeak, etxekoak aurkariak baino hobeto jokatzen ari baziren ere. Ildo beretik hasi zuten bigarren zatia ere, baina Anaitasunak ez zuen lortzen aurrez aurre zituen aukerak aprobetxatzea, eta partidak berdinketarekin amaitzeko itxura guztiak zituenean, aurkarien gola iritsi zen. Azken unean sartu zuen Erandioko taldeak gola, eta hala, markagailua 0-1 zela iritsi ziren amaierara.
Haiek sailkapenean koska bat gora eginda, Anaitasunak bere horretan jarraitzen du, horrenbestez; egun, seigarren postuan da 43 punturekin. Aste honetan atseden hartuko dute Emakumeen Euskal Ligako taldeek, eta ligako hurrengo jardunaldia apirilaren 11-12ko asteburuan izango dute. Anaitasunak Zarautzen izan du hitzordua, sailkapeneko hondarrean den hango taldearen aurka partida jokatuko baitu.