Bihar goizean iritsiko da Korrikaren 24. edizioa helmugara, Bilbora, eta aurrez, gaur arratsaldean, Urola Erdiko hainbat herri zeharkatu ditu euskararen aldeko egitasmoak; tartean, Azkoitia. Egun guztian eguraldi eskasa egin badu ere, 19:00ak aldera Korrika herrira sartu denean, atertu egin du, eta hala eutsi dio Azkarate gainera iritsi arte bederen. Eta azkoitiarrek ez dute hutsik egin: jendetzak bat egin du Korrikarekin, eta jendetzak egin du korrika.
Azpeitiarrek eman diete lekukoa azkoitiarrei. Batzuk Korrikak herrian egin dituen kilometro guztiak egin dituzte, hasi Munategitik eta Azkarate gaineraino, beste batzuek, berriz, gutxixeago. Herritar bakoitzak bere gaitasunen tamainako ekarpena eginda, baina denen artean azkoitiarrek garbi erakutsi dute euskara direla, Korrikaren leloak dioen bezala.
Bihar, ikus-entzunezkoa
Bihar bukatuko da joan zen martxoaren 19an Atharratzen (Zuberoa) hasi zen Korrikaren 24. edizioa, Bilbon. Korrikaren bukaera ekitaldiaren zuzeneko saio berezia egingo dute euskarazko hainbat hedabidek elkarlanean, tartean Gukak, eta saio hori webgune honetan ikusi ahal izango da. Hain zuzen ere, Andoni Elduaien Gukako kazetaria saio horretan ariko da, elkarrizketak egiten.
Bestalde, asteazkenean eta gaur eskualdean jasotako irudiekin nahiz herritarrei egindako elkarrizketekin osatutako ikus-entzunezko saio berezia eskainiko du Gukak bihar iluntzean, webguneetan eta telebistan.
(Argazkiak: Aitziber Arzallus eta AEK)