Salbuespen politikek indarrean segitzen dutela salatu du Sarek

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 28a

Hainbat lagun atzo plazan. (Azkoitiko Sare)

Dozenaka lagun elkartu ziren atzo, martxoko azken ostiralez, plazan, Sarek deituta. Presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatu zituzten plazara joandakoek, eta Sareko kideek salatu zuten konponbidearen bidean "oztopo" diren legeek eta politikek indarrean segitzen dutela. 

Hileko azken ostirala izanik, dozenaka lagun elkartu ziren atzo plazan, Sarek deituta, presoen, iheslarien nahiz deportatuen eskubideak aldarrikatzeko. Bihar Bilbon bukatuko den Korrikari aipamena egin zioten Sareko kideek elkarretaratzea bukatzean; izan ere, Sarek eta Etxeratek elkarrekin eramango dute bihar lekukoa, Bilbon, Autonomia kalean, Korrikaren 3.428. kilometroan.

Bestalde, salbuespen politikek bere horretan segitzen dutela salatu zuen Sarek, eta zehazki, konponbidearen bidean "oztopo" diren legeak eta politikak ere bai. Dena den, presoak, iheslariak nahiz deportatuak etxeratzeko bidean "aurrera" doazela aipatu zuten plazan, eta "tantaka-tantaka", aurrerapausoak ikusten ari direla esan ere bai. "120 dira oraindik zigorrak betetzen ari diren presoak, eta hamalau iheslari eta hiru deportatu beren etxeetara itzuli ezinik erbestean jarraitzen dutenak. 120 preso horietatik 52 dira zigorrak erregimen itxian betetzen ari direnak, zigorraren azken urteak kaleak zapalduz betetzeko baldintzak betetzen badituzte ere", azaldu zuten.

Datozen hilabeteetan ere lanean segituko duela azaldu zuten Sareko kideek, "etxeetarako bidean oztopo diren leheak eta politikak" salatzen nahiz konponbidera, bakera eta elkarbizitzara bidean urratsak ematen: "Noki, euskal preso, iheslari, eta deportatuen eskubideen alde".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide