Gaur arratsaldean ekin diote Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatutako Geure Gelatik emakume idazleen euskarazko liburu azokari Elkarguneko Oteiza aretoan, eta Yolanda Arrieta izan da lehen ekitaldiko protagonista. Idazle etxebarritarrak (Bizkaia) aitortza jaso du literaturaren arloan egin duen ibilbideagatik, eta Miren Agur Meabe iazko omendua izan da Arrietari oroigarria eman diona, lekukoa bailitzan.
Bi sortzaileek hitz ederrak izan dituzte elkarrentzako, lagun zaharrak direla agerian utziz. Nola elkar ezagutu zuten azaltzeaz gainera, hainbat pasadizo ekarri ditu gogora Meabek, eta hitz hartzea bukatzeko, Arrietaren lanen artean dozena bat nabarmendu ditu, beste dozena bat baliorekin batera. "Forma berrien bilaketa, pedagogiaren proiektibitatea, ahozko tradizioaren ezagutza, aldarria –beti inertziak eta ikuspuntuak aldatzeko kezka–, ikerketarako eta dokumentaziorako gaitasuna, hizkuntzarenganako txera, erresilientzia, independentzia –ez zaizkio tribuak gustatzen–, positibismoa –derrigorrez egin beharrekoari probetxu kreatiboa ateratzeko gaitasuna dauka–, emakume bidelagunentzako arrimua eta, azkenik, hamabigarrena, neurritasun kementsua".
Arrietak eskertuta jaso ditu Maxixatzen elkartearen aitortza zein Meaberen hitzak, eta idazle lekeitiarrari (Bizkaia) hitz hunkigarriak itzuli dizkio bueltan. "Noizean behin ere ez dugu elkar ikusten, hil honetan izan ezik, baina ondo dakigu, biok ala biok, nor den bakoitza eta non gauden. Eskarmentuaren maletak husten ditugu handiak garenean izateko oraindik ez garen hori. M.A.M.; Mitxu, hurbilekoentzat; Lekeitioko dama, gertukoentzat; Meabe, askorentzat; eta Lea Artibaiko poeta handi bat, munduarentzat. Eskerrik asko, Miren Agur, bizitza erdi honetan nire lagun izateagatik".
Arrietak, besteak beste, haurrei eta gazteei bideratutako literaturan sakondu du; lan horri esker jaso zuen 2015ean haur eta gazte literaturaren Euskadi saria, Argiaren alaba liburuarekin. Hala ere, helduei zuzendutako liburuak ere idatzi ditu; guztira, hamabost lan baino gehiago argitaratu ditu Arrietak 2009. urteaz geroztik. Azkena iaz kaleratu zuen: Memoria berriak. Hain zuzen, bere ibilbideagatik omendu du Maxixatzenek, baina baita idazleak urtez urte geure Gelatik azokan erakutsi duen "prestutasunagatik" ere.
Aurkezpen ugari
Omenaldiaren ondoren, 2022an Geure Gelatik azokan omendua izan zen Arantxa Urretabizkaiak Zahartzaroaren maparen bila liburua aurkeztu du han bertan. Bihar, berriz, Katixa Agirre izango da Barne zerbitzuak eleberria aurkezten; segidan, Edurne Lazkano azpeitiarraren eta Gema Lopez azkoitiarraren txanda izango da, itzultzaile horiek euskaratutako Terraza debekatua eta Barazkijalea nobelez arituko baitira biak hizketan: Azkenik, larunbatean, Bizitza baten txatalak aurkeztuko du Onintza Enbeitak. Larunbat eguerdian itxiko dute Geure Gelatik azoka, azken urteetan bezala, 2 Minutu lehiaketako saridunen lanen irakurketarekin.
Dena ez da izango solasaldia eta aurkezpena, ordea; izan ere, Maxixatzen elkarteak euskal literaturako berrikuntzak diren liburuak ere salduko ditu Elkargunean, helduei eta haurrei zuzendutakoak.
Egitaraua
Bihar, ostirala
- 18:00. Katixa Agirreren Barne zerbitzuak liburuaren aurkezpena, Irene Elortzak lagunduta.
- 19:00. Edurne Lazkano eta Gema Lopez, Terraza debekatua eta Barazkijalea liburuak aurkezten, Aitor Arrutiren laguntzarekin.
Etzi, larunbata
- 11:00. Onintza Enbeitaren Bizitza baten txatalak liburuaren aurkezpena, Josune Herrartek lagunduta.
- 12:00. Iazko 2 Minutu lehiaketan saritutako lanen irakurketa eta azokaren itxiera.