Etor litekeenari aurre hartuta

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 6a

Gero eta pertsona gehiagok erabakitzen dute beren bizitzaren azken uneak nolakoak izatea nahi duten. Pertsona bat bere nahia adierazteko gai ez denean zer-nolako arreta medikua jasotzea nahiko lukeen adierazteko erreminta da Aurretiazko Borondateen Dokumentua. Zer egoera ez duten bizi nahi garbi duten eskualdeko hainbat herritarrek dute izapide hori eginda, eta horietako bikin hitz egin du Gukak. Emakumeak dira biak, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroan inskribatutako gehienak bezala. Nerea Uranga kazetariak martxoko Gukako herriz herriko aldizkarietarako idatzitako erreportajea da honakoa. 

Jakinekoa eta ziurra da pertsona bakoitzaren bizitzak bukaera duela. "Heriotza bizitzaren parte da", esan du T.A. emakume azpeitiarrak. Azken arnasa eman aurretik zer-nolako osasun arreta jaso nahi den aurrez erabakitzeko erreminta da Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD) edota bizi testamentua. "Modu iraunkorrean geure buruaz erabakitzeko gai ez garenerako aurretiaz idatzitako borondateak jasotzen dira dokumentu horretan; behin egoera horretara iritsitakoan osasun sistemak zer-nola artatzea nahi dugun adierazten da idatziz", azaldu du Argiñe Izarra mediku ikuskariak eta Aurretiazko Borondateen Dokumentuen Gipuzkoako Erregistroaren arduradunak.

ABD "oso pertsonala" da, eta "bakoitzak nahi duena" idatzi dezake bertan, beti ere eskatzen dena legearen edota medikuntzaren praktika onaren kontrakoa ez baldin bada. Izan ere, dokumentua idatzi duen pertsona bere buruaz erabakitzeko gai ez den momentuan, osasun sistemak "derrigorrezkoa" du hark azaldutako nahia betetzea. Hala esan du Izarrak: "Mediku batek pertsona horren borondatea betetzeari uko egingo balio, ospitaleak dokumentuegilearen nahia betetzeko beste mediku bat jartzeko ardura du".

Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen ABDaren eredua gaian aditua den Osakidetzako mediku talde batek egindakoa da, Izarrak zehaztu duenez. Bost atal nagusi ditu agiri horrek, eta bi dira "potoloak", mediku ikuskariaren arabera. Ataletako batean, dokumentua egiten duenak aurretiaz zehazten du zer egoeratan ez duen nahi bizirik segitzeko tratamendua jasotzen jarraitzea edota derrigorrez elikatzea. "Adibidez, pertsona horrek, irensteko zailtasunak izandakoan, zunda bidez elikatzeari edota gogorik izan gabe behartuta jateari egiten dio uko". 

ABDan hiru egoera daude zehaztuta, eta horrela azaldu ditu horiek Izarrak: "Gaixotasun aurreratu, progresibo, sendaezin eta atzeraezin batek eraginda, bizi pronostiko mugatua izatea; garuneko kalte larri eta atzeraezin batek eraginda egoera komatosoan edota begetatiboan egotea; eta dementzia larria, atzeraezina edota progresiboa edukitzea. Zenbait egoeratan, unean-unean nolako osasun arreta jasotzea nahi den aurrez zehatz-mehatz adieraztea "zaila" izaten dela gaineratu du mediku ikuskariak. Zailtasun hori ikusarazteko adibide bat ere jarri du: "Jendeak zehaztu dezake dementzia prozesuan zein unetan ez lukeen nahiko tratamentua jasotzen segitzea, baina mota askotako dementziak daude, eta bilakaera ez da izaten kasu guztietan bera".

Agirian jasota utzi behar den beste atal "potoloa" eutanasiarena da, Izarrak zehaztu duenez. "Pertsona bati heriotza eragitea da eutanasia, eta prozesu hori legez araututa dago. Ospitaleetan juristek, medikuek eta erizainek osatutako batzorde bat izaten da eutanasia eskatu duen pertsona horrek legearen baldintzak betetzen al dituen erabakitzeko. Berariaz eutanasiarekin ez du zerikusirik Aurretiazko Borondateen Dokumentuak, baina pertsona bat egon daiteke une jakin batean gaixotasunean aurrera eginda, eta aldez aurretik idatzita izan dezake egoera horretan denean eutanasia eskatu nahiko lukeela". T.A.ren ustez, pertsona bakoitzaren esku egon behar luke eutanasiaren aukerak, "informazio ona" emanda.

Gertuko bizipenak

Helburua bat da: norbera bere buruaz erabakitzeko gai ez denean nolako osasun arreta jasotzea nahi duen planikatuta uztea. Aurretiazko Borondateen Dokumentua egitea erabakitzeko arrazoiak, ordea, hamaika. Dena den, agiri hori egiteko arrazoiek bakoitzaren bizipenekin lotura estua dute T.A. azpeitiarrak eta E.A. azkoitiarrak –anonimotasuna gorde nahi izan dute biek– diotenez.

Azkoitiarrak esan duenez, ABDa eginda izatea kontu "oso pertsonala" da, eta bakoitzak bizi izandako egoerak "asko eragin dezake" dokumentu hori egiteko orduan. "Norberak egoera jakin bat bizi izan duenean, askoz errazagoa da bizitzaren bukaeran jaso nahi duen osasun arretaz hausnartzea eta erabakitzea". 25 urte ditu E.A.k, baina haren ustez adina ez da aitzakia aurretiazko dokumentua egin ala ez erabakitzeko. "Heriotzaz pentsatzen dugu gaixotasun larrien aurrean jartzen garenean, baina nork daki bihar zer gertatuko den? Garbi dago adinean aurrera egin ahala egoera okerragoak pairatu daitezkeela, baina 18 edota 25 urte izan, bizitza egun batetik bestera alda daitekeela ikusi eta ikasi dut. Beraz, hotzean pentsatuta, ABDa eginda utzi nahi izan dut", adierazi du hark.

Gertutik bizi izan ditu gaixotasuna eta heriotza T.A. 66 urteko azpeitiarrak, "zaintzaren munduan" egin duelako lana. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta adinekoen egoitza batean lanean jardundakoa da, eta horrenbestez, bertatik bertara ikusitakoek eta bizitakoek bide eman diote gaixotasunaz nahiz heriotzaz hausnartzeko: "Adinekoak edota gaixoak zaintzen aritutakoan, mila gauza pentsatzen ditu pertsonak. Beraz, ABDa egiteko aukera dagoenez, badaezpada gauzatzea erabaki dut". 

Eutanasiarekin ez du zerikusirik ABDak, baina idatzi daiteke bertan une jakin batean eskatu nahi dela

ABDa osatzerakoan "oso garbi" izan du azpeitiarrak zer erantzun, zalantzarik gabe idatzi du agiria. Haren ustez, "bizitzeko ilusioa galdutakoan" funtsezkoa da "bukaea goxoa" izatea, bizitzen segitzeko arrazoirik ez dagoelako. "Pertsonok geure kabuz mugitzeko gai ez garenean, bizitzeko besteen mende gelditzen garenean, ilusiorik gabe gaudenean... bizitzari bukaera goxoa emateko modua da eutanasia. Aukera hori, ordea, legez araututa dago, eta neure kasa erabakitzeko gai ez naizenean nire borondatea betetzeko aukera bakarra ABDa eginda uztea da. Dena den, dokumentua eginda ere, ez dakit idatzitako guztia beteko al den".

Argiñe Izarra ikuskari medikua eta Aurretiazko Borondateen Dokumentuen erregistroaren Gipuzkoako arduraduna. (Utzitakoa)

Hiru dira Aurretiazko Borrondateen Dokumentua egiteko moduak: etxean hiru lekukorekin, notarioaren aurrean edota gaitutako profesional batekin Jaurlaritzaren Osasun Sailaren egoitzaren batean. 2024an, 3.586 aurretiazko borondate erregistratu zituzten Gipuzkoan. Horietatik erdiek baino gehiagok (%51) gaitutako pertsona batekin egin zuten agiria, eta %38k etxean, bi edota hiru lekukorekin. Hamarretik bat pasatxok (%10,71) erabaki zuten urte horretan notarioaren aurrean egitea agiria, ordainduta. Bai T.A.k eta bai E.A.k, biek Zumarragako anbulatorioan egin eta erregistratu zuten dokumentua, horretarako gaitutako pertsona baten aurrean, hain zuzen ere. 

Itxaron zerrenda luzea

Azpeitiarrak orain dela bi urte egin zuen ABDa, hitzordua eskatu eta urtebete zain egon ondoren. Azpeitiko anbulatorioan galdetu zuen Aurretiazko Borondateen Dokumentua egiteko zer egin behar zuen, eta harreran telefono zenbaki bat eman zioten. "Telefonoz deitu, datuak eskatu eta nire helbide elektronikora mezu bat bidaliko zutela esan zidaten. Mezuarekin galdera batzuk bidali zizkidaten, erantzunak pentsatzeko eskatuz. Hitzordua hiru hilabete barrurako emango zidatela aurreratu zidaten, itxaron zerrenda zegoelako. Baina urtebete itxoin behar izan nuen hitzordua jasotzeko; ia kontuarekin ahaztuta ere banengoen ordurako", gogoratu du T.A.k.

Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko inskripzioak 2004tik 2024ra. (Eusko Jaurlaritza)

Egin berri du ABDa E.A. azkoitiarrak; aurreko hilean egin zuen. Lankide baten bidez jakin zuen dokumentua egiteko aukera zegoela, eta zalantza askorik izan gabe, berehala erabaki zuen agiria egitea. Hautua azkar egin bazuen ere, hamabost bat hilabetez itxaron behar izan zuen hitzordurako: "2024ko azaroaren aurrenetan hartu nuen dokumentua egiteko txanda, eta 2026ko otsailean egin dut. Prozesua hasterako, jakinaren gainean nengoen sei hilabete inguruko itxaron zerrenda zegoela, baina hainbeste denbora pasatu zenez, eskaera ondo egina al nuen zalantza sortu zitzaidan". Haren ustez, neurriak hartu beharko lirateke itxaron zerrendak murrizteko: "ABDa egiteko zain nengoen bitartean gerta zitekeen zerbait, eta hala gertatu izan balitz, agian bizi nahi ez ditudan egoerak bizi beharko nituzkeen. Hitzordua jaso zain nengoen denboran asko pentsatu dut horri buruz".

Gero eta pertsona gehiagok nahi dute bizitzaren bukaeran jaso nahi duen arreta planifikatuta edukitzea. Horren erakusle da azken urteetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko inskripzioek izan duten gorakada. Horren erakusgarri dira 2020tik 2024ra arteko datuak: 2020. urtean 2.487 inskribatu ziren, 2022an 5.397 eta 2024an 11.782. 

Norberak bizitakoak eragin handia du aurretiazko borondateen agiria egitea erabakitzeko

Dokumentuak egiteko eskaeren itxaron zerrenda luzea dela jakitun dira Gipuzkoako erregistroan: "Gipuzkoan batez beste sei hilabetekoa da itxaron zerrenda, nahiz eta toki batzuetan luzeagoa ere baden". Dena den, Izarrak azaldu duenez, zerrenda arintzeko xedez neurriak hartzen hasi dira lurralde horretan. "Osasun Sailaren Gipuzkoako ordezkaritzan ABDari buruzko taldekako saioak antolatzen hasi gara, dokumentuaz informatzeko, eta, hala nahi dutenek saioan bertan egin eta sinatzeko. Izan ere, hitzorduaren zain hainbeste denboran egonda, askok beren borondatea edo nahia zein den hausnartuta eta pentsatuta eramaten dute saio horietara". Kontua pertsonala izanda, baina, taldekako saioan parte hartzen dutenei aukera ematen diete dokumentua etxean betetzeko: "Informazioa jaso ostean, batzuek nahiago izaten dute dokumentuaz etxean bakarka pentsatzea eta gero erregistratzea".

Emakumeak gehiengoa

Emakumeak dira bizitzaren azken uneetarako eta beren buruaren jabe ez direnerako nahia aldez aurretik bizi testamentuan idatzita uzten duten herritar gehienak. Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroak argitaratutako azken datuak 2024koak dira, eta zenbaki horiek diotenez, Gipuzkoan ABDa egindakoen %62,44 dira emakumeak, %37,53 gizonak, eta %0,03k adierazi gabe dute sexua. Zenbatekoaren gehiengoa emakumeak izatearen arrazoia "zaintzaren ardura" da, T.A.ren ustez: "Zaintza lan gehienak emakumeok egiten ditugu; gertuagotik nahiz zuzenago bizi dugu zaintza, eta zeregin horretan jarduteak gauza asko pentsatzera eramaten gaitu". 

Ikuskari medikuak ez daki zein den zehazki ABDa gizonek baino emakume gehiagok egitearen arrazoia, baina iruditzen zaio gizonei gaixotasunez, bizitzaren bukaerako osasun arretaz edota heriotzaz hitz egitea gehiago kostatzen zaiela. Hala esan du: "Gizon batzuek ez dute nahi izaten gai horiez hitz egin; emakumeei baino beldur handiagoa ematen die horrek".

Hainbat lagun, 2024an Baigerak, Azpeitiko Udalak eta Osakidetzak Aurretiazko Borondateen Dokumentuari buruz antolatutako hitzaldian. (Mireia Galarza Bastida)

ABDa edota bizi testamentua egiterakoan, ordezkari bat edo gehiago izendatzea gomendatzen dute medikuek. Izan ere, dokumentuaren egilearen nahia edota borondatea idatzita egon arren, gisa horretan, medikuak izango du zalantzak elkarbanatzeko aukera dokumentua aplikatzerakoan. Horren garrantziaz hitz egin du Izarrak: "Dementzia aurreratua ez da matematika; horrek eragin dezake heriotza urtebetera edota bi urtera. Borondatea idatzita izan arren, medikuak izan dezake eutanasia eskaera prozesuko zein unetan izapidetu zalantza, eta agiriaren egileak ordezkariak izendatuta baldin baditu, gaixoa gertutik ezagutzen duen norbaitekin zalantzak argitzeko aukera izango du medikuak".

Gaixotasun sendaezinak dituztenen familiakoei eta ingurukoei "zama gainetik kentzeko" modu bat ere bada Aurretiazko Borondateen Dokumentua eginda izatea. "Kasuaren arabera, gaixoaren ingurukoentzako zaila izan daiteke erabaki bat ala bestea hartzea, horretarako garaia iritsitakoan zaila izaten delako hotzean pentsatzea", esan du E.A.k. Horrekin bat dator T.A. ere; izan ere, familiaren esku uzten da dokumentua egin gabe duen eta erabakitzeko gaitasunik ez daukan gaixoari zer-nolako osasun arreta eman erabakitzea. Ordezkari gisa, iloba du izendatuta azpeitiarrak: "Ilobarekin hitz egin dut gaiaz; ondo daki zein den nire borondatea".

Bizi testamentua egiten duten herritarren adinari erreparatuta, 2024an Gipuzkoan %4,04 besterik ez ziren izan 45 urtetik beherakoak. ABDa egindako gehienek (%39,96) 45 eta 65 artean zituzten urte hartan. Gutxiengoa osatzen duen adin tartekoa da E.A., baina aurretiazko borondateen agiria egin izanaz ez du zalantzarik: "Jende askori arraroa egingo zaio 25 urterekin aurretiaz borondateak zehaztuta izatea, agian, baina beti dago dokumentua aldatzeko edota bertan behera lagatzeko aukera". Azkoitiar gazteak "garbi" du, izan ere, berak zein ingurukoek etorkizunean zein egoera bizitzea nahi duen eta zein ez. "Bizitza luzea eta kalitaterik gabea izatea baino nahiago dut bizirik nagoen denbora bete-betean bizitzea", nabarmendu du. Azpeitiar erretiratuari, berriz, "lasaitasuna" ematen dio bizitzan aurrera egiteko irteerarik eta ilusiorik ez duenean "bukaera goxo bat" izango duela jakiteak. 

Erlazionatuak

ABD egiteko moduak

Nerea Uranga api 06, 08:59 Gizartea

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide