Eskualdeko kostaldea asteazkenean zeharkatu zuen 24. Korrikak: Oriotik barrena sartu eta Arroabera arteko ibilbidea osatu zuen egun horretan. Alabaina, ez da horrekin amaitu aurtengo edizioak Urola Kostara egingo duen bisita. Bigarren aldiz iritsiko da euskararen aldeko egitasmoa bihar eskualdera; Azpeititik, Azkoititik, Errezildik eta Zestoatik pasatuko da.
Goizaldean zeharkatu zuen 2024ko Korrikak barrualdea, baina, oraingo honetan, arratsaldean igaroko da. Dena ondo bidean, 15:13 aldera jasoko dute lekukoa Errezilen, eta handik Azpeitirako bidea hartuko du egitasmoak. Korrika 16:03 inguruan sartuko da lehen aldiz Azpeitira, eta han buelta bat eman ondoren, Zestoara joango da. 17:16 izango dira han lehenengo eragileek lekukoa hartzerako. Handik, atzera bueltan Azpeitira joango da Korrika, eta herrigunea 18:03 aldera zeharkatuko du. Azkoitia izango da Korrikak zapalduko duen eskualdeko azken herria: 18:45 inguruan sartuko da korrikalarien marea herrira.
Azkoitian, hogei kilometro zati egingo ditu euskararen aldeko egitasmo erraldoiak herrian barrena, hain zuzen, 3.092 kilometrotik 3.111 kilometrora. Azpeititik helduko da Korrika herrira, eta guztira, 44 eragile desberdinetako ordezkariek hartuko dute lekukoa Azkoitian.
Alberdi Mekanizatuak eta Anaitasuna mendi bazkunak azpeitiarren eskutik Munategin lekukoa hartuta, maldan gora egin beharko da herriko aurreneko zatia, Santa Kutz auzoko bidegurutzera arte. Ugarteigaran igerilekuan Julio Urkixo etorbidera zuzenduko da Korrika gero, etorbide hori guztia zeharkatuko du Balda plazarako zubira iristeko. Plaza horretara iritsi orduko hartuko du 24. Korrikak Alde Zaharrerako bidea: Plazaberri, eliz ataria eta herriko plaza igaro beharko dituzte korrikalariek. San Martin kalera aterako dira Alde Zaharretik, eta Altzibar auzorako bidea hartuko dute han, hango aurreneko bidegurutzean saihesbidera zuzentzeko. Elgoibarrera zuzenduko dira saihesbidean zehar, Azkarate mendatean gora. Azkoitiko Gazte Asanbladakoak eta Azkoitiko GKSkoak izango dira elgoibartarrei lekukoa eramango dietenak.
Hona hemen eragileen lekuko hartzeen zerrenda, hurrenez hurren:
- 3.092. kilometroa, Munategin: Alberdi Mekanizatuak eta Anaitasuna mendi bazkuna.
- 3.093. kilometroa, Santa Kutzeko bidegurutzea: San Jose egoitza eta Abarketatxo ludoteka.
- 3.094. kilometroa, Ugarteigarango igerilekuko bidegurutzea: Plaza Ondo elkartea eta Azkoitiko EH Bildu.
- 3.095. kilometroa, Etxe-Zuri baserriaren bidegurutzea: Xeye, AEK, Erniarraitz eta Maxixatzen.
- 3.096. kilometroa, Bilgunearen parean: Floreaga ikastetxea eta Alai Batza.
- 3.097. kilometroa, Balda plazarako zubian: Ama Madalen eta Guka.
- 3.098. kilometroa, eliz atarian: Muxuxo, Plazaola eta Um Blem Ble elkartea.
- 3.099. kilometroa, Aingeru kaleko bidegurutzea: Azkoitia BHI Indarlan guraso elkartea, Izarraitz LH eta Xabier Munibe komunitatea.
- 3.100. kilometroa, Altzibartxo tabernaren bidegurutzea: Tropela elkartea eta Bulego taldea.
- 3.101. kilometroa, Oteiza frontoietako biribilgunea: Matadero Ekintzak eta Txirtiriki.
- 3.102. kilometroa, Xurdoneko etxea: Pitxilorak eta Txintxarri.
- 3.103. kilometroa, Egurbide errota parea: Aldapa eta 85eko neskak.
- 3.104. kilometroa, Olasoko bidegurutzea: Anaitasuna futbol taldea eta Azkoitri.
- 3.105. kilometroa, Azkarateko maldaren lehen zatia: Herrixen elkartea eta 79ko seinorak.
- 3.106. kilometroa, Azkarateko malda erdialdea: Basokerrak, Oteiza pilota elkartea eta Dean Team.
- 3.107. kilometroa, Azkarate malda goiko zatia: Bizilore eskola eta Txulue pilota elkartea.
- 3.108. kilometroa, Azkarate mendateko zubi amaiera: Azkoitiko Udala.
- 3.109. kilometroa, Azkarate errepide zaharreko bidegurutzea: Josu Trikiti eta Azkoitiko Laboral Kutxa.
- 3.110. kilometroa, Azkarate errepide zaharreko zubipea: Danobat kooperatiba eta Umore Ona.
- 3.111. kilometroa, Azkarateko tunel hasiera: Azkoitiko Gazte Asanblada eta Azkoitiko GKS.
Egun osoko festa
24. Korrika asteburuan iritsiko dela baliatuz, aipatu herrietako Korrika batzordeek egun osoko egitarauak prestatu dituzte. Azkoitian, esaterako, Korrikaren bueltako egitarauaren barruan sartu dute Geure Gelatik azoka. Gainera, Gukak umeentzako eskulan tailerra eskainiko du goiz-eguerdi partean plazan, eta Bizikorrika ere egingo dute San Martin kalearen eta plazaren artean.
Triki poteoaren osterako, bazkaria ere prestatu dute, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, 500 bat lagunek eman dute otordurako izena. Bazkalostean, berriz, Tor magoak emanaldia eskainiko du plazan, eta gero iritsiko da Korrika herrira. Egitasmoa herritik pasatzen denean, Gotx elektrotxarangaren emanaldia izango da.
Egitaraua
- 10:00etan hasita. Geure Gelatik azoka, Elkargunean.
- 11:30-14:00. Umeentzako eskulan tailerra Guka txokoan, plazan.
- 12:30. Bizikorrika, San Martin kaletik herriko plazara.
- 13:00. Triki-bertso poteoa, eliz ataritik.
- 14:30. Bazkaria, plazan.
- 16:30. Tor magoa, plazan.
- 18:45. Korrika.
- 19:30. Gotx elektrotxaranga, plazatik.
- Egunean zehar, txosna plazan.