Haurrek ozen oihukatu dute beraiek ere euskara direla

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 26a

Xabier Munibe ikastolako, Floreaga ikastetxeko eta Bizilore Eskola Aktiboko ikasleek Korrika Txikia egin dute arratsaldean. 24. Korrika Azkoitira iristeko atarian, haurrek hartu dituzte herriko txokoak euskara direla aldarrikatzeko. 

24. Korrika Azkoitira iristear den honetan, Xabier Munibe ikastolako, Floreaga ikastetxeko eta Bizilore Eskola Aktiboko ikasleek Korrika Txikia egin dute gaur arratsaldean. Euriak atseden emanda, kalera atera dira ehunka eta ehunka ume, eta haiek ere euskara direla ozen aldarrikatu dute herriko txokoetan. 

15:30ean abiatu da Korrika Txikia Floreaga Ikastetxearen paretik, eta Xabier Munibe ikastolaren atzeko aldera jo dute antxintxika. Auzmendi kalea osorik gurutzatuta, Trino Uria kaletik Alde Zaharrera sartu dira, eta Balda plazan eta Plazaberrin barrena ibilita, plazan amaitu dute ibilbidea. Bidean, eskuz esku hartu dute Korrika Txikiko lekukoa, eta haren barruan zegoen mezua irakurri dute Korrika Txikiaren amaieran. 

17:30ean, berriz, Diskorrika musika saioa izan da Berdura plazan, eta umeek kantu eta dantza artean gozatu ahal izango dute festaz.

Hitzordu nagusia, berriz, larunbat arratsaldean izango dute herritarrek. Izan ere, egun horretako 18:45 inguruan iritsiko da 24. Korrika Azkoitira. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide