Hitz bitan

Yameli Prieto: "Onura fisikoak, mentalak eta emozionalak ditu yogak"

Maddi Txintxurreta 2026ko apirilaren 3a

Yameli Prieto. (Maddi Txintxurreta)

Duela hiru urte hasi zen Yameli Prieto (Azpeitia, 1972) Plaza Ondo jubilatuen elkarteak antolatzen dituen yoga klaseak ematen. Gorputza kanpotik zein barrutik lantzeko tresnak eskaintzen ditu saioetan. Martxoko Azkoitia Guka aldizkariaren Hitz bitan atalean argitaratutako elkarrizketa da honako hau: 

Noiz eta nola hasi zinen yogaren munduan?

Betidanik gustatu zaizkit horrelako gauzak. Atsegin dut energien mundua, yogarena... lanketa pertsonal handia egitea eskatzen duen hori guztia. Yogan Azpeitian hasi nintzen, Karmen Uzkudunekin. Gero, umeentzako saioei ekin nien; eskoletara edo ludoteketara joaten nintzen. Ondoren, berriz, jubilatuei klasea emateko aukera izan nuen Azpeitian. Talde txiki batekin hasi nintzen duela hamar urte, eta gaur egun, 85 pertsona inguruk osatzen dute taldea; 80 emakumek eta bost gizonek.

Azkoitian adineko pertsonen irakasle izatera nola iritsi zinen?

Duela hiru urte hasi nintzen horretan. Oso aktiboak dira Plaza Ondo elkarteko batzordeko emakumeak, eta yoga klaseak martxan jarri nahi izan zituzten. Kiroldegian bazegoen eskaintza hori, baina itxaron zerrenda izaten zuten han beti. Azpeitiko yoga zentro batera deitu zuten; Leirerekin [Eizmendi] hitz egin zuten, eta hura akordatu zen Azpeitiko jubilatuekin aritzen nintzela. Hark eman zien nire telefonoa, eta gaur egun hari esker ematen ditut Azkoitiko saioak. Ogitarteko bat zor diot oraindik ere! 

Zer onura ditu yoga praktikatzeak?

Alde fisikoa, mentala eta emozionala lantzen ditut klaseetan, hirurentzat baititu onurak yoga egiteak. Zer da garrantzitsuena? Arnasketa. Jende askok uste du badakiela ondo arnasten, baina askotan ez da horrela izaten. Bestalde, saioak hasterako inork minik edo ondoezik ba al duen egiaztatzen dut, eta horren arabera antolatzen dut praktika, batez ere adinekoekin jarduten dudanean.

Zer lantzen duzu saioetan?

Oreka asko lantzen dut, garrantzitsua iruditzen zaidalako hezurrak indartzea. Arreta ere asko lantzen dut, norbera bere arnasketarekin eta bere buruarekin egote hori. Bestela, eman nahi dudan klasearen arabera antolatzen naiz: egun batean aldaka lantzea erabakitzen badut, hori indartzeko ariketak egiten ditugu, betiere beste ariketa batzuekin batera. Bizkarra eta gerria, adibidez, oso garrantzitsuak dira, gerria indartsu baldin badago, bizkarrezurra zuzen egoten delako. Bestalde, binakako ariketak proposatzea ere gustatzen zait. Pertsona lotsatia baldin bazara, begietara begiratzeko joerarik ez baduzu... gaizki pasatu dezakezu, baina halakoetan zera esaten diet: "Ongi etorri emozioetara!". Emozio guztiak onartuta daude, izan lasaitasuna, lotsa, deserosotasuna... Ez ditugu epaitzen. Beraz, lotura horiekin ditugun harremanak ere lantzen ditugu.

Zer-nolako giroa sortzen da taldean?

Oso ona, oso goxoa. Familia txiki bat gara, eta konfiantzazko espazio bat sortzen saiatzen gara.

Edonork egin al dezake yoga?

Edonork egin dezake. Yoga ez da soilik gorputzarekin jarrera bat lortzea, jarrera hori lortzeko bidean sentitu duzuna baizik. Baditut aldaka ebakuntza izan duten ikasleak, zerbikaletan mina dutenak, minbizia daukatenak... Horiek egin ezin dituzten gauza batzuk badira, baina beste bide batzuk proposatzen dizkiet.

Zure yoga klaseetarako plazak aise betetzen dira. Zein da arrakastaren sekretua?

Aurten hirugarren taldea sortzea lortu dugu. Duela hiru urte 40 pertsona inguru izango ziren taldean, eta gaur egun, 75 dira. Arrakasta zergatik? Ez dakit. Amak partekatzea zeinen garrantzitsua den eta daukadan onena emateko grina edukitzen irakatsi zizkidan. Gauzak goxotasunez azaltzeak edo besarkadak ematen irakasteak ere laguntzen du, eta pazientziak ere bai, noski. Izan ere, pazientzia handia daukat eta arreta jartzen dut pertsonengan. Horregatik gustatzen zait talde txikiekin aritzea, kide bakoitza zer moduz dagoen jakitea gustatzen zait. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide