Astebete da Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokor arrakastatsua egin zenetik. Greba orokorrak jarraipen zabala izan zuen
Azkoitian, goizetik gaueraino, eta horrek erakusten digu zenbateraino errotuta dagoen gure herrian klase elkartasuna.
Greba honen arrazoiak hasieratik bere egin ditu Azkoitiko langileriak, eta patronalak, EAJk eta PSE-EEk egin dutenaren kontrara, ozen aldarrikatu du justiziazkoa dela hemen gure lan eta bizi baldintzak erabakitzea, batetik, eta ez dela bidezkoa gutxi batzuen prekarietatearen eta pobretzearen kontura beste batzuek etekinak pilatzea, bestetik.
Mezu hori ondo ulertu dute herriko merkatariek eta ostalariek ere. Hasieratik harrera ona egin diote greba deialdiari, establezimenduz establezimendu informazioa banatzen aritu garenean, eta jakinik ere greba egitea esfortzu berezia dela haientzat, askok eta askok erabaki dute egun horretan 'itxita' kartela eskegi, greba egin eta mobilizatzea. Lantegietan langileekin egingo dugun moduan, zuei ere bihotzez eskertu nahi dizuegu zuen inplikazioa eta elkartasuna.
Eskerrak ematearekin batera, deia luzatu nahi diogu azkoitiar orori langileon prekarietatea bultzatzen duten saltoki handiak alboratu eta Azkoitiko tokiko merkataritza eta ostalaritza babestu ditzan, herrian kontsumitu dezan eta denon
artean herri bizi eta bizigarri bat eraiki dezagun.
Jarrai dezagun lan eta bizi baldintza duinen alde borrokan, Azkoititik bertatik hasita.